Amsia eta Dallas musikariek 'Chelovek s kinoapparátom' filmari egindako soinu banda aurkeztuko dute Azkoitian

Ane Olaizola 2022ko mai. 4a, 14:00

Dallas eta Amsia. (Utzitakoa)

Amsia azkoitiarrak eta Dallas iruindarrak elkarlanean ondu duten gisa horretako bigarren proiektua da larunbatean aurkeztuko dutena. Vertovek 1929an zuzendu zuen film mutuak duen lengoaia "sortzailea eta urratzailea" izan da bi artistek lanaren soinu banda sortzera bultzatu dituena, eta haien arabera, emaitza "eklektikoa eta txundigarria" da.

Musika elektronikoaren eta garaikidearen bi artistak bat egin dute Dziga Vertovek 1929an zuzendutako Chelovek s kinoapparátom (Kameradun gizona) film mutuari soinu banda jartzeko. Amsia musikari azkoitiarra —Javier Ucar— eta Dallas iruindarra —Ignacio Fernandez Galindo— dira proiektuaren sortzaileak, eta datorren larunbatean jarriko dute jendaurrean azken zortzi hilabeteetan ondu duten lanaren emaitza; izan ere, film hori proiektatuko dute 19:00etan Baztartxo antzokian, eta Amsiak zein Dallasek zuzenean eskainiko dute film horretarako sortu duten musika. Horretarako, besteak beste, propio ekitaldirako eskuz soldatuak eta muntatuak izan diren hiru sintetizadore analogiko erabiliko dituzte artistek, eta filmarekin denbora errealean sinkronizatuta eskainiko dute soinu banda. Era berean, Matadeixe Zinetogram taldeak urtero programatu ohi duen film klasikoaren emanaldia izango da larunbatekoa, eta Euskal Herri mailako aurkezpena izango da.

Joan zen mendeko bigarren hamarkadan ezagun egin zen Sinfonia hiritarrak azpigeneroaren barruan kokatzen da larunbatean ikusi ahal izango den filma; izan ere, lanak, batez ere, hiriko bizitza erakusten du. Musikari dagokionez, berriz, "ikuslearentzat soinu esperientzia esperimentala da" larunbatean aurkeztuko duten proiektua. Azkoitiarrak adierazi duenez, gainera, ikuspegi estetikoari eta formalari dagokienez, filmaren alderdi abangoardistak indartzen ditu sortu duten soinu bandak: "Sinfonia horiek iraun egiten dute daukaten izaera programatikoarengatik eta ustekabekoagatik. Izan ere, filmak duen lengoaia abangoardistak egiten du lana egungoa". 

Musikariek adierazi dutenez, filmak duen lengoaia "sortzailea eta urratzailea" izan da haren soinu banda sortzera bultzatu dituena, eta elektronikaren bidez "zarata, musika garaikidea eta esperimentazioa" uztartu dituzte ondu duten obrarako. Haien hitzetan, bien arteko elkarlanaren emaitza "eklektikoa eta txundigarria" da. "Sormen prozesuan hainbat kontu hartu ditugu kontuan, hala nola zarata, gutxi entzuten diren soinuek duten ahalmen iradokitzailea, isiltasuna eta akustikak eragiten duten dramatismoa. Horren bidez, jatorrizko filmari balioa erantsi nahi izan diogu".

Ez da lehenengo aldia Amsiak eta Dallasek elkarlanean halako lan bat egiten dutena. Izan ere, Vertovken garaikide izan zen Sergei Eisensteinek zuzendutako Bronenosets Potyomkin (Potenkim akorazatua) filmari ere soinu banda jarri zioten 2015ean. Oraingo honetan, bi artistak Azkoitian zein Iruñean aritu dira proiektua ontzen; azkoitiarrak bere estudioan egin du lana, eta iruindarrak Nafarroako Huarte estudioan egin duen sormen egonaldian. Prozesuan zehar, gainera, Euskal Herriko berrogei musikari inguruk parte hartu dute.