50. Azkoitiko Txikito Pilota Txapelketarako izen ematea, zabalik

Andoni Elduaien 2022ko mai. 3a, 09:21
2019an jokatutako finaletako baten irudi bat.

50. aldiz antolatuko du Azkoitiko Oteiza pilota elkarteak haurrei zuzendutako binakako pilota txapelketa. Izena emateko epea datorren igandean itxiko da.

Azkoitiko Oteiza pilota elkarteak 50. Azkoitiko Txikito Pilota Txapelketarako izen-ematea ireki du. Mende erdia beteko du, beraz, herriko pilota elkarteak antolatzen duen binakako txapelketak. Izen-ematea datorren igandean, maiatzak 8, itxiko da, eta 667 50 39 18 telefono zenbakira whatsapp mezu bat idatzi beharko da.

8 eta 12 urteko neska-mutilek izango dute binakako pilota txapelketan izena emateko aukera. Partida guztiak galtza zuriekin jokatu beharko dituzte, eta hiru mailatan banatu dute antolatzaileek txapelketa: 8 urtekoak –2014an jaiotakoak–, 9 nahiz 10 urtekoak –2012 eta 2013 urteetan jaiotakoak–, eta 11 zein 12 urtekoak –2010 eta 2011 urteetan jaiotakoak–.

Partidak astelehenetik ostegunera bitartean jokatuko dituzte, Gurea pilotalekuan. Oteiza elkarteak jakinarazi du, ordea, asteburuetan ere jokatuko dituztela partidak "beharrezkoa bada". Gainera, "arrazoi garrantzitsurik" ez badago tartean, ez dute txapelketako partidarik atzeratuko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide