Zineforum feminista hasiko da ostegunean, Matadeixen

Ane Olaizola 2022ko mai. 2a, 10:27

Hileko lau ostegunetan izango dira emanaldiak, eta abortuaren legeztapenari, genero indarkeriari, intersexualitateari edota genero identitateari buruzko filmak zein dokumentalak eskainiko dituzte.

Feminismoa ardatz hartuta, zineforum saioak egingo dituzte datozen asteetan Matadeixen, eta guztira, askotariko gaiak jorratzen dituzten lau film eta dokumental emango dituzte. Hain zuzen ere, hileko lau ostegunetan izango dira saioak (19:30), eta aste honetan izango da aurrenekoa: Cachada. Genero indarkeriari aurre egiteko antzerkiak duen indarra erakusten du dokumental horrek.

Hilaren 12an, berriz, La ola verde dokumentala eskainiko dute. Argentinan legez kanpo egiten diren abortuen ondorioak jorratzen ditu ikus-entzunezkoak. Hilaren 19an, bestalde, intersexualitateari buruzko XXY filma ikusi ahal izango da; azkenik, LGTBI+ zineman kultuzko filma den Priscilla filmak itxiko du zikloa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide