Festetan murgilduta da Floreaga auzoa

Ane Olaizola 2022ko mai. 1a, 12:47

Auzoko festak ospatzen ari dira Floreagan, atzoz geroztik. Gaur Gurutzetxoko XXXVIII. Krosa jokatu dute ehunka umek, eta arratsaldean ere izango da haientzat zer gozaturik, puzgarriak jarriko baitituzte tabernaren ondoan.

Bi urteko etenaren ondoren, bueltan dira festak Floreagan ere, eta eguraldia lagun, auzotarrek harrera beroa egin die jaiei. Atzo Gazte Eguna ospatu ostean, umeen txanda izan da gaur, eta ohi bezala, Gurutzetxoko XXXVIII. Krosa jokatu dute ehunka gaztek. 2008tik 2017ra bitartean jaiotako haurrek parte hartu dute lasterketan, bost mailatan banatuta, eta herritar ugari elkartu da haiek ikusteko asmotan.

Eguerdian, bazkaria egingo dute Floreaga Berri tabernan, eta bazkalostean Olarte eta Larrañaga trikitilariek erromeria eskainiko dute. 15:00etatik aurrera, berriz, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte auzoko tabernaren ondoan.