Anaitasunak Aurrera Ondarroa menderatu du urteko azken neurketan

Andoni Elduaien 2022ko mai. 1a, 15:09

Anaitasunako mutilak goletako bat ospatzen. (Argazkiak: Anaitasuna)

Aurrera Ondarroaren aurka aritu ziren Xabi Artetxeren mutilak, eta gorritxoek 3 eta 1 menderatu zuten aurkaria. Ander Arabaolaza, birritan, eta Asier Ugarte izan ziren Anaitasunaren golegileak. Emakumezkoek, berriz, 1 eta 2 irabazi dute eguerdian Erandion, eta sailkapeneko bigarren postua ziurtatu dute. Ikusteke dago neskek batutako puntuek mailaz igotzeko adina balioko duten edo ez.

Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak garaipena eskuratu zuen atzo, larunbata, Txerloia futbol zelaian.  Denboraldiko azken neurketa jokatu zuen Xabi Artetxe entrenatzailearen taldeak, eta 3 eta 1 menderatu zuen Aurrera Ondarroa. Anaitasunak duela aste batzuk lortu zuen matematikoki Hirugarren Mailari eustea, baina atzo jarraitzaileei garaipen bat oparitu nahi izan zieten.

Lehen ordu laurdena lasaia izan zen berdegunean, baina barealdia ondorengo ordu laurdenean hautsi zuten bi taldeek; izan ere, hamabost minutuan hiru gol izan ziren Txerloian. Anaitasuna izan zen kolpea ematen lehena, eta 16. minutuan, Ander Arabaolaza taldeko golegile nagusiak ireki zuen markagailua. Xabi Soraluzek baloi bikaina eman zion Julen Aramendiri, eta hark egindako erdiraketan aurrelariak sarretara bidali zuen baloia. Handik bost minutura lortu zuen Anaitasunak bi eta hutsekoa. Asier Ugartek egin zuen gola, area barruko baloi bat ate aurrean gurutzatuta. Handik gutxira, Arabaolazak bere oinetan izan zuen gorritxoen hirugarren gola, baina jaurtiketan baloiak zutoinaren aurka jo zuen.

Aurrera Ondarroa guztia Txerloiako zelaian erakutsi beharrean zen, eta lehen aukera baten ondoren, 29. minutuan lortu zuten bizkaitarrek aldea murriztea. Area kanpoko jaurtiketa bortitz batean ezin izan zuen ezer egin Mikel Ruiz Anaitasunako atezainak. Arabaolazak atsedenaldiaren aurretik beste abagune on bat izan zuen hirugarren gola egiteko, baina zutoinaren ondotik kanpora joan zen baloia.

Atsedenaldiaren ostean, abagune gutxi izan ziren Txerloian, eta bakarrenetakoan asmatu zuen Anaitasunak. Neurketako protagonista nagusiak, Arabaolazak, lortu zuen taldearen denboraldiko azken gola. Jon Letamendia atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen, baina hark alboan zuen Arabaolazari oparitu zion baloia, aurrelariak eguneko bere bigarren gola egin zezan. Garaipena lortuta, gorritxoek sailkapenaren erdian amaitu dute urtea, 52 punturekin. 

Emakumezkoak, bigarrenak

Anaitasunaren emakumezkoen lehen taldeak, bestalde, garaipena eskuratu du gaur, igandea, Erandion (Bizkaia). Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka jokatu du Gorka Zubizarretaren taldeak, eta 1 eta 2 irabazi dute. Garaipenari esker eta Zarautzek atzo Eibar B taldearen aurka galduta, Anaitasunak Emakumezkoen Euskal Ligako bigarren postua ziurtatu du.

Golik gabeko lehen zatiaren ondoren, bigarrenean erabaki dute neurketa neskek. 56. minutuan aurrea hartu dute gorritxoek Maider Badiola aurrelariak egindako golari esker; Irantzu Albizurik egindako erdiraketan sareetara bidali du baloia Badiolak. Etxekoek 83. minutuan berdindu dute neurketa, baina partidako azken hatsean, 93. minutuan, Maria Juaristik hiru puntuak batzeko gola lortu du Anaitasunarentzat. Jone Sudupek egin dio pasea Juaristiri, eta hark aurkari bati iskin egin ostean lortu du gola egitea.

Jardunaldi bat besterik ez zaie gelditzen emakumeei denboraldia amaitzeko, eta partida hori etxean jokatuko dute datorren astean, Elorrioren aurka. Sailkapeneko bigarren postua ziurtatuta, ikusteke dago Anaitasuna Emakumezkoen Lehen Nazionalera igoko diren edo ez; izan ere, lortutako puntuen araberako koefiziente batek zehaztuko du maila igoera. Horretarako, nahitaezkoa izango da gainerako multzoetako bigarren sailkatuek batutako puntu kopurua ikustea.

Emakumezkoen taldeko kideak, gaur, Erandion.