Pello Osorok eta Enara Oronozek jantzi dituzte Azkoitiko XIX. Duatloiko txapelak

Andoni Elduaien 2022ko api. 30a, 20:50

Gizonezkoetan, Mikel Mujika eta Ander Segurola Osoro irabazlearen taldekideak sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, berriz, Miren Apraizek eta Miren Josune Bikuñak osatu dute podiuma. Herriko duatloi probaz gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txapelketa ere jokatu dute gaur.

Pello Osorok eta Enara Oronozek irabazi dute gaur, larunbata, herrian jokatu den XIX. Azkoitiko Duatloia. Azkoitri triatloi klubak antolatu duen proban 158 gizon-emakumek parte hartu dute. 15:45ean abiatu dira emakumezkoak Plazaberriko irteera lerrotik, eta ordu laurden geroago, gizonezkoak. Herrian zehar bost kilometroko bi itzuli egin dituzte korrika, eta ondoren, Azpeitiko Nuarbe auzora abiatu dira bizikletan; handik, Landeta auzora zuzendu dira, eta Errezilerako bidea hartu dute gero. Azkoitira itzulita, bizikleta utzi eta beste bost kilometro egin behar izan dituzte korrika. Euskal Herriko duatloi zirkuituan distantzia motzeko lasterketa bakarra izan da Azkoitikoa, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txapelketak ere jokatu dituzte.

Enara Oronozek hasiera-hasieratik hartu die gainerako lasterkariei aurrea, eta duatloi guztia egin du hark lehen postuan. Pello Osoro irabazlea, berriz, indarrak gordetzen aritu da korrikako lehen zatian. Herritik Errezileraino bizikleta gainean joan eta herrira itzuli ondoren, Enara Oronozek lehen postuari eutsi ahal dio, eta abantaila ederrarekin abiatu da korrikako azken zatia osatzera. Haren atzetik iritsi da herriko plazara Pello Osoro. Bizikleta utzi ondoren, ordea, Osorok eta gizonezkoetan bigarren sailkatu den Mikel Mujikak aurreratu egin dute lasterketa buruan zen Oronoz. Helmugan, baina, hiru atletak izan dira Azkoitiko XIX. Duatloiko azkarrenak.

Gizonezkoetan, beraz, Pello Osoro irabazle, 01:54:12 denbora eginda; haren atzetik Mikel Mujika, 01:55:52 denborarekin, eta hirugarren Ander Segurola, proba 01:56:58 denboran amaituta. Alusigma Peñota Dental taldeko hirukoteak osatu du Azkoitiko duatloiaren podiuma, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txapelketaren podiuma ere. Emakumezkoetan, une oro lasterketaren buruan ibili den Enara Oronoz izan da azkarrena, irteera eta helmuga 02:11:12 denboran lotuta; bigarren, Miren Apraiz sailkatu da, 02:19:23 denborarekin. Eta hirugarren, Miren Josune Bikuña, lanak 02:24:26 denboran amaituta. Apraizek lortu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txapelketa, Bikuñak bigarren postua eta Olaia Jauregik lortu du hirugarrena. Taldekako sariak ere banatu dituzte. Sestao triatloi taldeak irabazi du emakumezkoetan, eta gizonezkoetan Alusigma Peñota Dental taldeak. Azkoitri triatloi taldeak, aldiz, taldekako hirugarren saria jaso du.

Beste mailetako sariak

Sailkapen orokorreko sariekin batera banatu dituzte Azkoitiko XIX. Duatloiko gainerako mailetako sariak. Junior mailan, Azkoitri taldeko Haritz Iturzaetak jaso du lehen sailkatuaren oroigarria, 23 urtez azpikoetan Gaizka Ansolak, emakume beteranoen lehen mailan Olatz Korkostegik eta gizonezko beteranoen lehen mailan Azkoitri taldeko Aitor Sotil Azkoitiko bizilagunak. Beteranoen bigarren eta hirugarren mailako sariak ere banatu dituzte: emakume beteranoen bigarren mailako saria Miren Josune Bikuñarentzat izan da eta gizon beteranoen bigarren mailako oroigarria Andoni Ilarramendirentzat. Beteranoen hirugarren mailako garaikurra, azkenik, Jose Mujikak jaso du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide