Azkuek eta Arteagak osatutako bikotea nagusi santakutzetako mus txapelketan

Ane Olaizola 2022ko api. 30a, 09:27
Txapelketaren irabazleak eta azpitxapeldunak. (Utzitakoa)

Laja jatetxean jokatu zuten mus txapelketa, atzo, eta azpeitiarrak nagusitu ziren jokoan. Santa Kutz auzoko festetako aurreneko ekintza izan zen atzokoa, eta hurrengo asteburuan izango dira gainontzekoak.

Santa Kutz auzoan abiatu dituzte festak. Jaiei hasiera emateko, Laja jatetxean mus txapelketa jokatu zuten atzo, ostirala, hainbat bikotek, eta Azkue-Arteaga azpeitiarrek jantzi zuten txapela, 600 euroko saria irabaztearekin batera; bigarren postuan Axi eta Paul Irurako eta Anoetako bikotea sailkatu zen, eta horien atzetik Mikel Arzallus eta Mikel Pastrian azkoittiarrak. 300 euro eta arkumea zein bi kriantza ardo botila eskuratu zituzten bi bikote horiek, hurrenez hurren. 

Atzoko txapelketa eginda, datorren asteburuan, maiatzaren 7an eta 8an murgilduko dira festetan Santa Kutz auzoan. Larunbatean, maiatzak 7, afaria egingo dute, 20:30ean, Laja jatetxean. Afalondoren, 23:00 inguruan, Laja II.a eta Lutxurdiok alaituta erromeria izango da. Afarirako izena eman beharko da aurrez, 943-85 14 12 telefono zenbakira deituta.

Maiatzaren 8an, igandean, Beñat Landa eta Jon Izagirre trikitilariek alaituko dute eguerdia, 12:00etatik aurrera. 12:30ean, poniak izango dira haurrentzat jatetxearen atarian. Festak arratsaldean izango du jarraipena. 16:00etan, Landa eta Izagirre trikitilariek erromeria eskainiko dute, eta 17:00etan, apar festa eta puzgarriak izango dira haurrentzat.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide