Pavel Savkovek Juaristi ISB ordezkatuko du NBAko Draft aukeraketan

Andoni Elduaien 2022ko api. 29a, 13:33
Pavel Savkov jokalari errusiarra jaurtiketa egiten. (Argazkia: Victor Quintana/FEB)

Errusiarra Saski Baskoniak utzita ari da jokatzen Juarisi ISBn, eta etorkizuneko mundu mailako saskibaloi jokalaririk onenak biltzen dituen zeremoniara aurkeztuko da. Ekainaren 23an izango da ekitaldia, Brooklyngo (AEB) Barclays Center pabilioian.

NBAk ekainaren 23an egingo du 2022. urteko Draft aukeraketa, Brooklyngo (AEB) Barclays Center pabilioian. NBAk Draft hautaketarako izena eman duten etorkizuneko saskibaloi jokalarien lehen zerrenda kaleratu du, eta lista horretan ageri da Juaristi ISB taldeko Pavel Savkov hegaleko jokalari errusiarra.

Savkov Saski Baskoniak utzita ari da jokatzen aurten Juaristi ISB. Gainera, denboraldi honetako taldeko jokalaririk erregularrena ari da izaten errusiarra; 11,9 puntuko batez bestekoa du 23 minututan. Saskira begira ere fin dabil Savkov, biko jaurtiketetan %46,7ko batez bestekoa du, eta jaurtiketa libreetan %36,6koa.

Guztira, 283 saskibaloi jokalarik eman dute izena Draft aukeraketarako. Horietako 247 Ipar Amerikako unibertsitateetan ari diren jokalariak dira, eta gainerako 36 jokalariak, Savkov tartean, Atlantikoaren beste aldekoak. NBAko 30 saskibaloi frankiziek 60 jokalari hautatzen dituzten Draft aukeraketan, eta Savkov izan daiteke horietako bat; izan ere, Draftera aurkezten diren jokalari gehienak etorkizuneko talentu gazteak dira, eta hurrengo urteetan NBAn aritzeko asmoz ematen dute izena hautaketan. Jokalari horiek guztiek Draftari uko egiteko eskubidea dute ekainaren 13ra arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide