Mus txapelketarekin hasiko dira gaur Santa Kutz auzoko jaiak

Andoni Elduaien 2022ko api. 29a, 10:05
Hurrengo asteburuan jarraituko dute festek Laja jatetxean.

Mus txapelketa egingo dute gaur gauean, baina festetako egitarau mardulena hurrengo astebururako prestatu dute. Afaria, erromeriak eta haurrentzako ekintzak antolatu dituzte, besteak beste.

Gaur, ostirala, hasiko dira ospatzen auzoko festak Santa Kutz auzoan. 22:00etan, mus txapelketa egingo dute Laja jatetxean, eta karta-joko txapelketa izango da aste honetako ekintza bakarra; izan ere, festetako egitarau mardulena datorren asterako antolatu dute. 

Santa Kutz festetako mus txapelketa 22:00etan hasiko da gaur. Txapelketan aritzeko izena eman beharko da aurrez, 943-85 14 12 telefono zenbakira deituta, eta bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko ditu. Lehen hiru sailkatuentzako sariak banatuko dituzte: bikote txapeldunak 600 euro eta txapela jasoko ditu, azpitxapeldunak 300 euro eta hirugarren sailkatuak arkumea eta bi ardo botila kriantza. 

Datorren astean, gehiago

Maiatzaren 7an eta 8an festa giro bete-betean murgilduko dira Santa Kutz auzoan. Larunbatean, maiatzak 7, afaria egingo dute, 20:30ean, Laja jatetxean. Afalondoren, 23:00 inguruan, Laja II.a eta Lutxurdiok alaituta erromeria izango da. Afarirako izena eman beharko da aurrez, 943-85 14 12 telefono zenbakira deituta.

Maiatzaren 8an, igandean, Beñat Landa eta Jon Izagirre trikitilariek alaituko dute eguerdia, 12:00etatik aurrera. 12:30ean, poniak izango dira haurrentzat jatetxearen atarian. Festak arratsaldean izango du jarraipena. 16:00etan, Landa eta Izagirre trikitilariek erromeria eskainiko dute, eta 17:00etan, apar festa eta puzgarriak izango dira haurrentzat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide