Nagusia 80 eraikinaren salmentaren esleipena onartu du udalbatzarrak

Andoni Elduaien 2022ko api. 29a, 09:00
Nagusia 80 edo Idiakez Ederra eraikina.

Aho batez onartu zuten udalean ordezkaritza duten lau alderdietako ordezkariek Idiakez Ederra eraikinaren salmentaren esleipena. Udalak eta Altuna y Uria, Teusa zein Campezo enpresek eratutako enpresa elkarteak hilabeteko epea dute orain akordioa notarioaren aurrean sinatzeko.

Udalbatzarrak eliz atariko Nagusia 80 edo Idiakez Ederra eraikinaren lizitazioaren esleipena onartu zuen atzo, osteguna. Alderdi guztiek aho batez onartu zuten babestutako ondasun higiezina besterentzea xede zuen lizitazioaren esleipena. Altuna y Uria, Teusa eta Campezo enpresek osatu beharko duten aldi baterako enpresa elkarteak aurkeztu zuen etxearen salerosketa proposamena, eta tramite nahiz paper kontuekin amaitutakoan, elkarte horrena izango da eraikina eraberritzeko ardura. 

Ana Azkoitia zinegotziak adierazi zuen, hiru eraikuntza enpresek oraindik ez dutela aldi baterako enpresa elkartea sortu, baina beraien "eskubideen barruan" daudela nabarmendu zuen. "Aurkeztu duten dokumentazioa hiru enpresen izenean aurkeztu dute". Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 41.076,86 eurokoa zen, baina 50.000 euroan esleitu du udalak. Behin salmenta onartuta, hilabeteko epea izango dute bi aldeek eraikinaren besterentzea eskritura publikoz notarioaren aurrean sinatzeko. "Sinatzerako sortu beharko dute hiru enpresek aldi baterako enpresaren elkartea, dagokion Identifikazio Fiskalerako Kodearekin [IFK]".

Atzo udalbatzarrak salmentaren esleipena onartu izana eraikina birgaitzeko bidean tramiteko urratsetako bat da. "Egin diezaiogun esleipena, besterendu dezagun eraikina, eta has daitezela lehenbailehen lanekin. Ea noiz ikusten dugun Idiakez Ederra aldamiorik gabe eta guztiz berrituta", adierazi zuen Azkoitiak.

Eraikitze kostu zuzenak 3.000.000 euro ingurukoak dira, eta eroslea derrigortuta egongo da eraikinaren babestutako elementuak birgaitzera eta horiei balioa ematera. Hamasei etxebizitza libre eraiki ahal izango dituzte Idiakez Ederra etxean, baina eraikinaren beheko lokala udalarena izango da; izan ere, han jubilatuen etxea kokatu nahi duela esana du erakundeak.

Eraikinaren salmenta esleipena onartu zuteneko unea. 

Erabakia, aho batez

Ana Azkoitiak emandako azalpenen ondoren, EH Bilduko eta Azkoitia Bai herri plataformako ordezkariek beraien baiezkoa arrazoitzeko tartea hartu zuten. Iraitz Otañok aurreratu zuen koalizio abertzalearen baiezko botoa. "Guk alde bozkatuko dugu, baina alde bozkatzen dugu gure errezeloekin. Beste behin, iruditzen zaigu inbertsio publikoa eginez, esku pribatu batzuk dirua egitera doazela, eta horregatik, Udal Gobernuari eskatu nahi diogu horren jarraipen zorrotza egiteko". 

Azkoitia Bai herri plataformako Jose Joakin Etxanizentzat, bestalde, "ez da aukerarik egokiena" eraikina esku pribatuetan uztea eta etxebizitza libreak eraikitzea, baina gaur-gauzkoz ez dute "beste aukerarik" ikusten. Baiezko botoa iragarri zuen hark ere: "Monumentu historiko eta kulturalen legea betearaztera behartzen gaituzten bezala, iruditzen zaigu Jaurlaritzak irtenbide egokiago bat bideratzen lagundu beharko lukeela horrelako kasuetan. Debekuak ezartzen dituzten moduan, irtenbide egokiak zehaztu beharko lituzkete. Halere, udalak erabaki hau hartu aurretik pauso asko eman ditu, eta hori ez dugu ukatuko". 

Javier Zubizarreta alkateak erantzun zien bi udal taldeetako ordezkariei, eta adierazi zuen "bi eskuetako eta bi oinetako behatzak gurutzatuta" egingo dutela urratsa. Halaber, hitz eman zuen Nagusia 80 eraikinaren bueltan ez dela negoziorik egingo. "Ez da negoziorik izango. Behatzak gurutzatzen ditugu, gauden egoeran egonda eta materialaren merkatua nola dagoen ikusita, ezustekorik ez izateko eta guztia pikutara ez joateko. Era berean, esan zuen "eskubiderik ez" dagoela udaleko diru-kutxatik horrenbeste diru etxe baten mantenura bideratzeko. "Ibilbide bat egin dugu, ahalegin guztiak egin ditugu eta espero dugu kontu honek bukaera ona izatea. Egon zaitezte lasai, ez da beste leku batzuetan gertatu izan den pelotazorik izango eta", nabarmendu zuen alkateak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide