Eduki babestua

Errigorako produktuen eskaerak hazi egin dira iaztik Azkoitian

Maxixatzen.eus 2022ko api. 28a, 14:12
Udaberriko kanpainako eskaerak datozen asteetan banatuko dituzte herrian. (Errigora)

Urtez urte ari dira hazten herrian Errigorako produktuen eskaerak. Iaz baino produktu gehiago eskatu dituzte aurten azkoitiarrek. Euskal Herrian, berriz, %20 hazi da eskaeren kopurua. 143.000 litro olio saldu dituzte, 271.000 kontserba poto eta arrozaren, pastaren zein lekaleen 41.000 pakete.

Errigorak "inoizko uztarik emankorrena" jaso du azken kanpainarekin. Iazko datuekin alderatuta, %20 hazi da Euskal Herrian udaberriko Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren eskari kopurua. Martxoaren hasieran abiatu zuen Errigorak kanpaina, eta Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, kontserba potoak eta bestelako zenbait produktu –arroza, pasta eta lekaleak– jarri zituzten eskuragai, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Euskal Herrian bezala, Azkoitian ere inoizko eskaera handiena egin dute aurten herritarrek; izan ere, eskaerak hazi egin dira herrian. Aurten, 240 olio, 187 kontserba poto eta bestelako 27 produktu eskatu dituzte herrian. Olioaren kasuan 189 poto eskatu ziren iaz–, 161 kontserba poto, eta bestelako 21 produktu. Bestalde, duela bi urte, 2020an, 148 olio, 106 kontserba poto eta bestelako hamahiru produktu eskatu zituzten herritarrek.

Behin eskaerak egiteko epea itxita, bi aste barru hasiko dira produktuen banaketa egiten Azkoitian. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko kideek banatuko dituzte produktuak maiatzaren 11n eta 12an, Berdura plazako lokalean. Maiatzaren 11an, asteazkena, 11:30etik 13:00etara irekiko dute gunea, eta maiatzaren 12an, osteguna, 18:00etatik 20:00etara.

Euskal Herriko datuak

Errigorak jakinarazitako datuen arabera, eskaria %20 hazi da iaztik Euskal Herrian, eta 10.000 despentsa beteko dituzte Nafar hegoalde eta erdialdeko produktuekin. Hain zuzen, 143.000 litro olio saldu dituzte, iaz baino %20 gehiago; eta kontserba potoen nahiz arroz, pasta eta lekaleen eskariek ere gora egin dute, %15 igoz –271.000 kontserba poto eta 41.000 pakete–.

10 urte bete dira aurten euskara, elikadura burujabetza, lurraldea eta auzolana oinarri dituen Errigora egitasmoa jaio zela. Nafarroaren hegoaldeko ekoizleentzat zabalpenerako tresna garrantzitsua izateaz gain, lortzen den diruaren zati bat inguru horien euskalduntzea bultzatzeko erabiltzen da. Ondorioz, egitasmo asko (euskaltegiak eta abar) diruz laguntzeko eta berriak (ludotekak, euskara oinarria duten kirol taldeak...) sortzeko ezinbesteko tresna bihurtu da Errigora.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide