Oteiza pilota elkarteak Berria txapelketan parte hartuko du

Andoni Elduaien 2022ko api. 30a, 09:00
Herriko pilotariak, Oteiza frontoietan.

Azkoitiko taldea bihar, igandea, hasiko da txapelketa lehiatzen. Final zortzirenetara sailkatu ahal izateko kanporaketa jokatuko dute Oteizako pilotariek, Zornotzako Lagun Onak taldearen kontra. Kanporaketa gaindituz gero, Andoaingo Gazteleku pilota elkartearen aurka aritu beharko dute azkoitiarrek maiatzaren 29an.

Oteiza Pilota Kirol Elkarteak Berria txapelketan parte hartuko du aurten. Bihar, igandea, Zornotzako (Bizkaia) Amorebieta IV.a pilotalekuan jokatuko dute Lagun Onak taldearen aurkako kanporaketa, 17:00etatik aurrera. Txapelketa kanporaketa bidezkoa izango da, eta partida guztiak igandean jokatuko dituzte. Lehia bakoitzean eskuz binakako hiru pilota partida jokatuko dituzte. Herriartekoaren moduan, kadete, jubenil eta nagusien mailako partidak jokatuko dituzte.

Halere, Berria txapelketaren sistema ez da Herriartekoaren berdina. Bi partida irabazten dituen taldeak gaindituko du kanporaketa, baina, bada kontuan izan beharreko kontu bat; izan ere, talde batek kadete eta jubenil mailako partidak –lehen bi partidak– irabazten baditu, hiru partidetan tanto gehien egindako taldea sailkatuko da, nahiz eta tanto gehien egin dituen taldeak hiru partidetatik bakarra irabazi. Bi taldeen tanto kopurua berdina bada, berriz, bi partida irabazi dituen taldeak egingo du aurrera.

Antolatzaileen gonbidapenez, 27 pilota elkarte onenek parte hartuko dute txapelketan, eta horien artean da Azkoitiko Oteiza. Txapelketa Berria egunkariak, Gazteleku eta Hernani pilota klubek, Petritegi sagardotegiak eta Adarra lan tresnak enpresak antolatu dute. Euskal Herriko nahiz handik kanpoko klubak arituko dira lehian: Gipuzkoako bederatzi talde, Nafarroako bost, Bizkaiko sei, Arabako eta Errioxako (Espainia) hiruna eta Bartzelonako bat.

Ekainaren 26an izango da txapelketaren finala Hernanin (Gipuzkoa).  Lehia irabazten duen pilota elkarteak 3.000 euro eskuratuko ditu, txapelez eta garaikurrez gain. Txapeldunordeak 2.000 euroko saria izango du, hirugarren sailkatuak 1.000 euro, eta laugarren sailkatuak 500 euro. Final-laurdenetan kanporatzen diren taldeek, berriz, Petritegi sagardotegian zortzi lagunentzako afaria eskuratuko dute.

Iñaki Azkoitiak, trinketeko finala

Oteiza pilota elkarteko Iñaki Azkoitia pilotariak, bestalde, GRABNI –Gipuzkoako, Errioxako, Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Iparraldeko– federazio arteko txapelketako finala jokatuko du. Gipuzkoa ordezkatuz, trinkete txapelketako 22 urtez azpikoen finala jokatuko du azkoitiarrak eskuz banaka. Gaur, larunbata, Nafarroa izango du aurkari Azkoitiak Gazteizko Astronomos trinketean, 16:00etan hasita.

Iñaki Azkoitia pilotari azkoitiarra.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide