Ikusi eta ikasi

Ane Olaizola 2022ko mai. 27a, 09:00

Ane Olaizola kazetariak apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Ikusi eta ikasi'.

Hamaika ikusteko jaioak omen gara, baina horiek baino zenbait gehiago bizi behar izan ditugu azken hilabete luzeetan.

Gurpilean biraka genbiltzan, batzuetan gora, besteetan behera, harik eta norbaitek iltze bat jarri eta zulatu zen arte; egun batetik bestera, krak egin eta geratu egin zen aurrera eramaten ginduen gurpila, isildu zen mundua eta gotortu ginen etxean, kanpoan zegoen zera horrek minduko gintuen beldurrez. Ordutik, inoiz biziko genituela imajinatu gabekoak ikustea zein ikastea suertatu izan zaigu.

Ikusi dugu gaitza ate joka, eta ikasi dugu etxeko lau hormen artean bizitzen. Ikusi dugu ondokoa gaixo, eta ikasi dugu bakartuta egoten. Ikusi ditugu gertukoak hiltzen, eta senideek haiek ikusi gabe ikasi dute agurtzen. Ikusi ditugu agonian zeudenak maite dituztenen laztanik jaso gabe azken hatsa ematen. Ikusi ditugu adineko egoitzak kasik espetxe bilakatzen, eta behin eta berriz ikasi dute haiek, gaur hil daitezkeela jakitun, egunerokoari aurre egiten. Osasunaren izenean, ikusi dugu gizatasuna bera galtzen.

Ikusi ditugu umeak besteok baino zurrunago egoerari aurre egiten, eta haiek ikasi dute besteenganako distantziarekin bizitzen; irakatsi diegu ondokoarekin justuko kontaktua edukitzea normaltzat hartzen. Ikusi ditugu haien abestiak isiltzen, baina, aldi berean, jarraitu dugu zeruetan den gure aitari gaitzetik atera gaitzala lau ahotsetara erregutzen.

 

"Ikusi ditugu gertukoak hiltzen, eta senideek haiek ikusi gabe ikasi dute agurtzen"

 

Ikusi ditugu ospitaleetan ZIUak gaixoz betetzen, baita gazteekin psikiatria zerbitzuak bikoizten ere; ikusi ditugu haien begietako distirak apaltzen, eta haiek ere ikasi behar dute bizipozaren eta erruaren arteko orekan dantza egiten.

Pandemia amaituta, gizarteak zerbait ikasiko omen zuen; herritarrak hobeak bilakatuko omen ginen. Baina ikusi ditugu hainbat balkoitatik zelatan, eta ikasi dugu, norberaren morala ezarriz, sasipolizia izaten. Ikusi dugu gizartea zatitzen, eta amaitu dugu ondokoarekin eztabaidatzen eta hurkoarekin haserretzen. Ikusi dugu nerabeei zein helduei jatetxeetarako, tabernetarako, kiroldegirako edota liburutegirako sarrera ukatzen, eta ikasi dugu ezikusiarena egiten. Bide batez, eta zergatik ez, ikusi ditugu milaka beso ziztatzen eta ikasi dugu sudurzulotik makilatxo bat sartzen; era berean, ikasi dugu alfabeto greko erdia behintzat goitik behera esaten.

Lehengo gurpila berriz biratzen hasi dela dirudien honetan, bakoitzak jarrai dezala atzera begiratu eta nahi duen eran barrenak husten. Nik argi dut: begien aurrean genuen zoriontasuna, eta ez genekien.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide