Anaitasuna-Kakutek gazteen xake txapelketa antolatuko du Gipuzkoako Xake Federazioarekin batera

Andoni Elduaien 2022ko api. 25a, 16:27

Ekainaren erdialdean Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte Azkoitia GXF Sustapena Txapelketaren finalak. Kutxa Fundazioa-Gaztedi Txapelketa ordezkatuko du aurrerantzean Azkoitiko klubak eta Gipuzkoako Xake Federazioak elkarlanean antolatuko duten probak.

Azkoitiko Anaitasuna-Kakute xake taldeak antolatuko du 2022. urteko Azkoitia GXF Sustapena finala. Gipuzkoako Xake Federazioarekin batera prestatuko du Azkoitiko klubak txapelketaren finala, eta ekainaren erdialdean jokatuko dute Gurea pilotalekuan. Txapelketa ez da berria; izan ere, orain arte Kutxa Fundazioak antolatu izan duen Kutxa Fundazioa-Gaztedi Txapelketa ordezkatuko du Azkoitia GXF Sustapena txapelketak aurrerantzean.

Kutxa Fundazioak martxoaren hasieran utzi zituen bertan behera Gaztedi programako zenbait proiektu, horien artean xakea. Hori horrela izanda ere, Gipuzkoako Xake Federazioak txapelketari eutsi nahi izan dio, eta txapelketa horien finalak antolatzen jarraitzeko, Anaitasuna-Kakute xake taldearekin lortu du akordioa. Azkoitiko klubak zortzi bider antolatu du Gaztedi Txapelketaren finala –2004an, 2007an, 2012an, 2017an, 2018an, 2019an, 2020an eta 2021ean–, eta klubak finalak antolatzeko dituen "esperientzia" eta "atzeko lana" hartu ditu kontuan xake federazioak. Aurrerantzean bien arteko elkarlanaren ondorio izango da xakelari gazteen sustapenerako proba.

Anaitasuna-Kakute "buru-belarri" murgildu da txapelketaren antolaketan, "Gipuzkoako xakelari gazteen ilusioa eta sustapena" errealitate izan dadin. Antolatzaileek aurreikusi dute eskualdez eskualde parte hartzaile ugari izango dituela txapelketak, baina partaidetza "ahalik eta handiena" izateko, txapelketa formatuz aldatzea erabaki dute. Orain arte, taldeka jokatu izan dute txapelketa, baina aurrerantzean banaka aritu beharko dute xakelari gazteek. Modu horretan, txapelketarako izen-ematea "errazagoa" izango dela uste dute Anaitasuna-Kakuteko ordezkariek.

Azkoitia GXF Sustapena Txapelketaren finala hiru mailatan banatuko dute: 20 urtez azpikoena, 14 urtez azpikoena eta 12 urtez azpikoena. Lehen fasean, eskualdez eskualde aritu beharko dute parte hartzaileek, eta lehen aldi horretako xakelari onenek finala jokatzeko sailkapena lortuko dute. Finalean 120 xakelari arituko direla nabarmendu du herriko xake taldeak. Anaitasuna-Kakuteren arabera, Gipuzkoako Xake Federazioa "ahalegin handia" ari da egiten Gipuzkoako xakearen etorkizuna indartzeko. Bide horretan, herriko xake taldeak bere lana egingo duela berretsi du "berriro guztia ahalik eta ondoen" atera dadin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide