Beste hiru puntu garrantzitsu Anaitasunaren emakumeentzat

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 24a, 09:23

Euskal Ligako Anaitasunaren jokalariak atzo, Pauldarraken kontrako neurketan. (Anaitasuna)

2 eta 0 irabazi zuten Euskal Ligako gorritxoek Pauldarraken kontrako neurketa. Espainiako Hirugarren Mailan, aldiz, Alaves liderrak ez zion aukerarik eman Anaitasunari (4-1).

Emakueentzat garaipen garrantzitsua eta gizonentzat porrot garbia. Emaitza horiek utzi ditu asteburuko futbol jardunaldiak Anaitasunaren talde nagusientzat.

Txerloian, Emakumeen Euskal Ligako 28. jardunaldiko lehian, 2 eta 0 irabazi zion atzo Anaitasunak Pauldarrak taldeari. Maiderrek lehen zatiaren 24. minutuan egindako golarekin hartu zuten abantaila Gorka Zubizarretak zuzendutako emakumeek. Aukera gutxiko neurketan izan ziren apurrak etxekoen aldekoak izan arren, azken minutuetan iritsi zen garaipena ziurtatzeko balioko zuen gola; Maria Juaristik egin zuen, 86.ean. Atzoko hiru puntuei esker, Euskal Ligaren bigarren postuan jarraitzen du Anaitasunak; 56 puntu ditu, hirugarren koskan dagoen Zarautzek adina. Bi jardunaldi gelditzen dira liga amaitzeko, baina Zarautzek horietako bakarra jokatuko du –azken jardunaldian atsedena dagokio–, eta bestean partidarik galdu gabe jarraitzen duen Eibar liderra eta txapelduna hartuko du. Beraz, Espainiako Lehen Maila Nazionalera igotzeko aukera eman dezakeen bigarren postu hori bereganatzeko abagune ona du Anaitasunak. Horretarako, ordea, lorik ez hartzea eta berea egitea komeni, besteek zer egingo zain gelditu gabe. Datorren asteburuan irteera zaila dute gorritxoek, sailkapeneko laugarren dagoen Erandioko betiko neskak taldearen kontra jokatzeko. Hamabost egun barru, etxean jokatuko du Anaitasunak ligako azken neurketa, Elorrioren kontra.

Sailkapeneko buruhausteak ahaztuta dabil Anaitasunaren gizonen talde nagusia, duela pare bat astetik jakina baita datorren denboraldian ere Espainiako Hirugarren Mailan lehiatuko dela. Atzo, ligako azkenaurreko jardunaldian, Alaves liderraren zelaian jokatu zuten Azkoitikoek, eta talde arabarrak nagusitasunez irabazi zuen partida, 4 eta 1. Liderrak aukera gutxi eman zizkien gorritxoei. Atsedenaldirako 3 eta 0 aurretik zen Alaves, hondarreko minutuak gertu zirela egin zuen laugarrena, eta Anaitasunak azken minutuetan lortu zuen bere gola, Alaveseko jokalari batek baloia bere sareetara desbideratu ondoren. Datorren asteburuan, Txerloian esango dio agur denboraldiari Anaitasunak, Aurrera Ondarroaren kontrako neurketarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide