Gerraren aurkako aldarria zabalduz egin dute Ostiral Santu arratsaldeko prozesioa

Ihintza Elustondo 2022ko api. 15a, 19:34

17:00etan, Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna izan da parrokian, eta hori amaitzean, prozesioa egin dute. Aurtengoan, gainera, berezitasun bat izan du ekintzak: gerraren aurkako aldarriekin egin dute. 

Aste Santuko ekintzetan murgilduta jarraitzen du Azkoitiak. Ostiral Santuko prozesioak izan ohi dira herritarrek gehien itxarondako hitzorduak, eta argi gelditu da hori arratsalde partean herriko kaleetan elkartu den jendetza ikusita. 17:00etan, Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna izan da parrokian, eta hori amaitzean, prozesioa egin dute, parrokiatik abiatuta. Hainbat paso eraman dituzte herritarren artean, eta ohi bezala, Plaza Berrian elkartu da jendea prozesioa ikusteko. Aurtengoan, gainera, berezitasun bat izan du ekintzak: gerraren aurkako aldarriekin egin dute prozesioa.

Ostiral Santuan ohi den moduan, iluntzean beste prozesio bat egingo dute: Hilobirako Prozesio Santua, hain zuzen ere, 21:30ean hasita. Bihar eta etzi ere jarraituko dute erlijio ekitaldiek. Hona hemen egitaraua:

  • Apirilak 16, larunbata. Pazko Bezpera.

21:00: Parrokian Pazko Gaubeila, euskaraz: sua, pazko suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde Meza.

  • Apirilak 17,  Igande Santua.

11:00: Pazko Meza Nagusia.