Haurren eta gaztetxoen bisita gidatuarekin hasi dituzte Ostegun Santuko ospakizunak

Ihintza Elustondo 2022ko api. 14a, 11:59

Ostegun Santua da gaur, eta haurrei eta gaztetxoei zuzendutako bisita gidatua egin dute goizean parrokian. Dozena inguru lagun elkartu da han, eta Felix Azurmendi parrokoak hainbat azalpen eman dizkie bertaratu direnei. Arratsaldean ere hainbat ekintza izango da.

Iritsi da Aste Santua, eta tradizioa den moduan, hasi dituzte erlijio ekitaldiak Azkoitian. Ostegun Santua da gaur, eta haurrei eta gaztetxoei zuzendutako bisita gidatua egin dute goizean parrokian. Dozena inguru lagun elkartu da han, eta Felix Azurmendi parrokoak hainbat azalpen eman dizkie bertaratu direnei. Ondoren, bideo bat ikusi dute, eta amaitzeko, biharko prozesioetan aterako dituzten pasoak ezagutu ahal izan dituzte.

Ondoren, helduei zuzendutako beste bisita gidatu bat izan da parrokian: Parrokia eta Aste Santuko irudiak izenekoa, hain zuzen ere. 17:00etan, meza izango da Santa Klara elizan, gaztelaniaz. 19:00etan, Jesusen Afariaren Ospakizun Meza egingo dute parrokian, euskaraz, eta 21:00etan, Gau Gurtza otoitzaldia.

Bihar jarraituko dute Aste Santuko ekintzekin. Hona hemen datozen egunetako egitaraua:

  • Apirilak 15. Ostiral Santua.

09:00: Eliza irekiko da gogoetarako eta bisitarako.

11:00: Gurutze Bidea.

12:30: Bisita Gidatua Azkoitiko Gune Historikoan. Irteera parrokia aurretik.

16:00: Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna, Santa Klarako elizan, gaztelaniaz.

17:00: Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna euskaraz, parrokian, eta prozesioa, parrokitik hasita.
 
21:30: Hilobirako Prozesio Santua.

  • Apirilak 16, larunbata. Pazko Bezpera.

21:00: Parrokian Pazko Gaubeila, euskaraz: sua, pazko suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde Meza.

  • Apirilak 17,  Igande Santua.

11:00: Pazko Meza Nagusia.