Erretratua

"26. aldiz aterako naiz, eta azkenengoa izango dela esango nuke"

Mireia Olariaga 2022ko api. 13a, 10:09

Luis Suduperen erretratua (Gorka LarraƱaga)

90eko hamarkadarekin bat hasi zen Luis Sudupe Egurrola Aste Santuko Azkoitiko prozesioan parte hartzen, Jose Mari Oteiza Kaxerok lekukoa emanda. Ordutik, San Miguel aingerua antzezten du azkoitiarrak, armadura handiko trajea jantzi, eta ezkutua, kaskoa eta ezpata lagun dituela.

Azkoitia arrazoi askogatik da ezaguna, baina aukeratzen hasita, bi nabarmendu daitezke: bata da pilotarien sehaska dela, eta bestea, Aste Santuko prozesio landuak dituela. Inguruko herriekin alderatuta, prozesioenak garrantzi handiko egunak dira. Gipuzkoako jende ugari gerturatzen da egun horietan herrira, eta ezin ahaztu Aste Santuko argazki txapelketa bat irabaztear egon zela Azkoitia bere garaian. Azkenean, ordea, Segurak hartu zion aurre. Goierritarrak nagusitu baziren ere, asko dira Azkoitiko Ostiral Santuko prozesioak hangoak baino nahiago dituztenak. Batzuek egun horiek agendan ondo apuntatuta izaten dituzte, ekintzetan parte hartzeko: santuak eramaten, haiek janzten edota egunean bertan kandelak jartzen. Horien artean dago Luis Sudupe Egurrola Ostiral Santuko prozesioko San Miguel aingerua. Armadura handiko trajez jantzi ohi da, ezkutua, pisu handiko kaskoa eta ezpata lagun dituela. Adituen arabera, eramaten duen metalezko ezpata 1918. urtean egina da.

Herritar askorentzat San Miguel aingeruaren pertsonaia antzezten duena "betikoa" da, baina ez dakite Suduperen aurretik Jose Mari Oteiza Kaxerok irudikatzen zuela hura. Gauzak, ordea, egun batetik bestera aldatzen dira, eta horixe gertatu zitzaion Suduperi: prozesioa baino astebete lehenago, Kaxerok aingeruaren papera antzezteko lekukoa eman zion. "Ez naiz urtearekin zehatz gogoratzen, 1990-91 ingurua zela esango nuke. Ostiral Santu aurreko astean esan zidaten aingeruaren papera egin beharko nuela, Kaxero ez baitzegoen osasunez ondo. Urduri jarri nintzen, eta baiezkoa eman nuen; gero, damutu ere egin nintzen", dio barrez Egurrolak. Baiezkoa eman eta egin. Kantzelera joan zen lehen entsegua egitera, eta prozesio eguneko kantua jarrita, aingeruaren pausoak entseatu behar izan zituen behin eta berriro. "Orduan Genaro apaiza zen herriko erretorea, eta hark esaten zidan nola egin behar nuen. Erraza ematen du, baina ez. Nire aurretik armatuak joaten dira, eta nik, bandaren musikaz gain, haien lantzen hotsarekin bat joan behar izaten dut. Aurreneko hartan, pentsatze hutsarekin izerdi ederra atera nuen, baina aldi berean, motibagarria ere bazen".

Egun luze eta neketsuen ondoren, iritsi zen ikasitakoa Azkoitiko kaleetan erakusteko eguna. Urduri bezain pozik hartu zuen Egurrolak elizarako bidea. Arropa eta kasko astunak jantzi, ezpata altxatu eta aingerutxoekin batera atera zen kalera. "Hasiera batean, eliz ataritik Errebalera joaten ginen. Handik, Beti Poz elkarte aldera hartzen genuen, eta gero, elizara. Kaskoak izugarrizko pisua du, eta egundoko nekea jasan nuen. Kaskoari koreografiaren garrantzia batzen badiozu, sufritzera iristen zarela esan daiteke. Nire baitan behin eta berriz esaten nuen ongi egin behar nuela, baina gero erabaki nuen horretaz ahaztea eta momentua bizitzea. Egun ederra izan zen. Amaitutakoan, Genaro zenak 3.000 pezeta eman zizkidan, emaztearekin afaltzera joateko".

Jende falta

Lehen prozesioaren ondoren, herritarrak gustura, eta aingerua ere bai. "Oso ongi egin nuela esan zidaten, eta konturatu nintzen merezi izan zuela urduritasunez betetako egun gogorrak pasatzeak". Ordundik, aingeruaren papera egiteaz gain, Doloretako ama birjinari argiak ere jartzen dizkio Sudupek. 35 urtez izan zen Azkoitiko brigadako elektrikaria, eta Aste Santuko prozesioarekin bat egin zuenetik, urrezko harritxoak dituen santuari argiztapena berak jartzen dio. "Prozesioa baino bi egun lehenago joaten naiz elizara Doloretako amari merezi dituen lau farolatxoak jartzera. Ez dago huts egin dudan urterik; atsegin dut lan hori egitea".

Azkoitiak Aste Santuan badu nolabaiteko xarma, baina azken urteotan gauzak asko aldatu dira, batez ere jendea falta delako. Lehen, Ostegun Santu bezperan Santa Klaratik parrokiara eramaten zituzten ostiralez atera behar zituzten pausoak, baina orain, horretarako jenderik ez dagoenez, kamioian eramaten dituzte. "Gure garaian ez zen inongo arazorik egoten santuak alde batetik bestera eramateko. Jendeari gustatu egiten zitzaion horretan parte hartzea; herriko ekintza bat gehiago zen askorentzat. Orain, ordea, jendea oporretara joaten da", dio Sudupek. Luis Arrizabalaga ibiltzen da azken unean jendearen bila, hara eta hona. "Batek baietz erantzuten dio, eta besteak ezetz; zoratu egiten da gaixoa. Nire iloba Aitor animatu zen urte batean, eta bi urtez jarraian aritu zen santuak eramaten. Urte haietan, familiako bi elkartu ginen prozesioetan, eta beti izaten da berezia une horiek gogoratzea".

Ez du arrazoi faltarik. Izan ere, urte batzuetan, prozesioetan ez dira pauso guztiak atera, eta horrek, nolabait, haren gainbehera eragin du. "Nabarmentzekoa da lehen gizonek mugitzen zituztela prozesioetako santuak, eta azken urteotan emakumeak ere animatu dira. Pozgarria da horrelako aurrerapausoak ikustea". Santuak mugitzeko eskasiari, horiek muntatzeko eta janzteko herritarren falta batu behar zaie. Lehen, Santa Klara komentuko mojek egiten zuten lan hori, baina azken urteetan hutsik da komentua, eta herriko boluntarioek janzten dituzte Ostiral Santuan Azkoitia "hain eder" egiten duten pausoak. "Begi bistan dago hori ez dela herritarren arazoak soilik. Parrokoak ere aldatu egin dira, eta haiekin ohitura batzuk ere bai. Joxe Mari Astigarraga herriko erretore izendatu zutenean, Erramu Eguneko ibilbidea kendu egin zuten; ez ziren konturatzen Aste Santua egun horretan hasten zela. Pixkanaka, guztia xarma galtzen hasi zen, eta Ostiral Santuko prozesioa ere kentzea nahi izan zuten. Dena kentzea zuen hark beti ahopean. Eskerrak jendea horren aurka agertu zen, eta ibilbide motzarekin bada ere, egun hori ospatzeko aukera dugun oraindik".

Sudupek San Miguel aingeruaren papera betetzen duenetik, lautan soilik geratu da prozesioa bertan behera: bitan eguraldiagatik eta beste bietan COVID-19aren izurriagatik. "Bi urtez jarraian ezin izan dugu prozesioa egin, eta uste dut aurtengoa berezia izango dela. Gainera, 26. aldiz aterako naiz, eta horrekin bukatuko dira nire lanak. Askok esango dute urtero gauza bera esaten dudala, baina gorputzak gelditzeko eskatzen dit". Dena den, hala aurreratu du: "Egun ederrak datoz herrira".

Luis Sudupe

Adina: 72 urte.

Ikasketak: 14 urterekin elektrikari lanetan hasi nintzen, eta horretan aritu naiz beti.

Lanbidea: Jubilatua. Udaleko brigadako langilea eta elektrikaria izan nintzen 35 urtez.

Elektrikaria ez banintz... Ez dut nire burua beste ezertan ikusten.

Lanetik ateratzean gogoko nuen... Pilotan aritzea. Profesionaletan ibili nintzen zazpi urtez.