Joseba Azkarate: "Azkoitia moduko plaza batean jardun ahal izatea oso albiste pozgarria da"

Ane Olaizola 2022ko api. 12a, 11:18

2017an auto istripua izan zuen Joseba Azkaratek (Oñati, Gipuzkoa, 1987), eta tetraplegia du orduz geroztik. Dena den, bere buruari "ahalik eta muga gutxien" jartzen saiatzen da, eta duatloi egokituan murgilduta dabil; hain zuzen ere, munduan bera da duatloia jokatzen dutenen artean desgaitasun handiena duen pertsona. Azkoitri triatloi taldeak antolatuta, hainbat proba jokatuko dituzte apirilaren 30ean, horien artean Duatloi Supersprinta. Duatloi egokitua ere izango da lasterketa hori, eta han lehiatuko da Azkarate.

Apirilaren 30ean hainbat duatloi proba jokatuko dituzte Azkoitian, tartean, duatloi egokitua. Gogotsu al zaude han lehiatzeko?

Gogo handia dut, bai. Nire lesioa nahiko handia da, eta aurreko batean Azkoitiko probaren antolatzaileekin egon ginen lasterketa egokituan parte hartuko dugunok, hango ibilbidea zer-nolakoa zen ikusten, zerbait aldatu behar bazen edo. Txapela kentzeko moduko jarrera erakutsi dute antolatzaileek, arazo baten aurrean beti baitaude irtenbidea bilatzeko prest.

Azkoitian hainbat urtez jokatu izan dira duatloiak, baina proba egokitua estreinakoz egingo dute. Nola jaso duzu berria?

Oso-oso albiste ona da. Antxintxika triatloi egokituko kidea naiz ni, eta talde horren helburua da mundu osoak izan dezala kirola praktikatzeko aukera. Guretzat oso pozgarria da Azkoitia moduko plaza batean jardun ahal izatea. Gainera, antolatzaileak beti laguntzeko prest azaldu dira, eta zoragarria da, beraz.

Auto istripu baten ondorioz, tetraplegia duzu, eta giharren %13 mugitu ditzakezu.

Mundu osoan ni naiz duatloiak eta triatloiak egiten dituztenen artean desgaitasun handiena duen pertsona; horregatik izan ginen Azkoitian ibilbidea begiratzen, ikusteko lasterketan birak-eta nola eman ditzakegun. Normalean, duatloia egiten dutenak paraplegikoak izaten dira, eta nik tetraplegia dut. Oso lesio altua dudanez —C4-C6—, giharretan mugikortasun gutxi dut. Beraz, hor nabil, jardun eta jardun, burugogorkeriaz gauzak lortzen.

Zer dela-eta eman zenuen kirol hori praktikatzen hasteko jauzia?

Istripua izan eta gero, ospitalean handbike bat utzi zidaten, txirrindularitza eskuekin praktika nezan. Poliki-poliki, txirrindularitzaren arlo horretan sartzen hasi nintzen, baina bizikleta hura itzuli egin behar nuen. Bizitzaren kasualitatea: Aitor Rementeria triatleta nahiz triatloi antolatzailea eta ni elkartu, eta elkarlanean hasi ginen. Triatloian murgildu nintzen orduan, batez ere, osasun arrazoiengatik: izan ere, urak onurak ematen zizkidan, eta arnasa hartzen berriz ikasi behar izan nuenez, handbikeak horretan laguntzen zidan; atletismoaren bidez, berriz, gerria lantzen nuen. Hain zuzen ere, Antxintxika taldean kirolaren bidez osasuna bultzatu nahian gabiltza, triatloiak dituen onura horiek kontuan hartuta. Poliki-poliki, ni ere onura horiek igartzen hasi nintzen, eta duatloietan parte hartzeari ekin nion gero. Iaz, duatloi proba batzuk jokatu nituen, eta aurten, aurrenekoz Zumaiako Triatloia jokatzea espero dut.

Istripua baino lehen, egin al zenuen duatloirik?

Beti praktikatu izan dut asko kirola. 22 urtera arte esku pilotan aritzen nintzen, eta ondoren, maratoiak zein mendi lasterketa luzeak ere egiten nituen. Istripuaren ostean, berriz, ez nuen nahi kirola uztea.

Esan duzu halako lesio batekin lehiatzen den bakarra zarela munduan.

Iaz, Avilesen jokatu genuen Espainiako Txapelketa, eta han esan zidaten munduan ni nintzela halako desgaitasun batekin duatloian lehiatzen den bakarra. Halere, ez dit asko ardura horrek; ez diot garrantzirik ematen. Dena den, Zumaiako triatloia jokatzen badut, uste dut halako tetraplegia mailarekin egin duen aurrenekoa izango naizela.

Zer eskaintzen dizu duatloi egokituak?

Arnasa da niretzako. Azkoitiko Duatloia egitea erronka gisa izateak, esaterako, egunero mugiarazten nau. Kirola praktikatzen laguntzen dit horrek, baita osasuna hobetzen eta lagunekin egoteko oreka mantentzen ere; izan ere, arnasketa lantzen dut, eta bidaiatzea zein jendea ezagutzea ahalbidetzen dit. Psikologikoki esparru asko zabaldu dizkit duatloiak, eta fisikoki ere ondo mantentzen laguntzen dit.

Burugogorkeriaren eraginez aritzen zarela aipatu duzu. Eskerrak horri, ezta?

Bai, hala da. Halako istripu baten ostean, %99,9 buruak eragiten du; onartu behar duzu egoera berrian zaudela, eta erronka berriak hartuz, burugogorra izan behar zara. Ingurukoei laguntza eskatu eta aurrera egin behar da. Mugak norberak jartzen ditu, eta ahalik eta gutxien jarrita, hobe.

Azken urteetan asko aldatu al da kirol egokituen proben panorama?

Niretzat berria da mundu hau. Aitor eta biok duatloi egokituen kontuarekin hasi ginenean ohartu ginen ezjakintasun handia zegoela mundu horretan, hasi Espainiako Federaziotik eta Euskal Herrikoraino: ez ziren proba asko egiten, eta egiten zirenak paraplegikoenak ziren, beren lesioen barruan oso ondo zeudenenak. Baina mundu guztiak egin ahal izateko, nire moduko lesioa duen batek esaterako, ez dago probarik, eta horregatik aritzen gara proben ibilbideak ikusten. Esaterako, ezin dugu 180 graduko birarik egin, eta guk ditugun giharrekin, aldapa batzuk igotzea ere ezinezkoa da. Beraz, gauzak aldatzen ari gara, gure nahia baita mundu osoak kirola egin ahal izatea. Gainera, lasterketa bat egiteak prestaketa eskatzen du, betiere norbere burua estutu gabe; guretzat, kirola egitea ez da ahalik eta denbora onena egitea, baizik eta larunbata iritsi, hanbikea hartu eta buelta bat ematea. Ez dugu ahaztu nahi zer diren kirola eta kiroltasuna.

Debagoieneko Antxintxika triatloi taldeko kidea zara, baita kirol egokituko arloaren sortzaileetako bat ere.

Badira 20 urte Antxintxika triatloi taldea sortu zela. Aitorrek sortu zuen, mundu osoak kirola egiteko aukera izateko ideiarekin. Aitor eta biok elkartu ginenean, aurrera egiteko gogoak hala bultzatuta, beste adar bat sortu genuen; triatloi egokituarena.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide