Erramu adarrak bedeinkatuta, hasi ditu Azkoitiko Parrokiak Aste Santuko ospakizunak

Nerea Uranga 2022ko api. 10a, 13:37

Erramu Igandeko prozesioa, erramuen bedeinkapena eta meza nagusia egin dituzte gaur, 11:00etan hasita. Era horretan, Aste Santuko elizkizun eta ospakizunak hasi dituzte Azkoitiko Parrokiako kideek.

Gerren kontrako eta bakearen aldeko mezuak nagusi izan dira gaur, igandea, Azkoitian egin duten Erramu Igandeko ekitaldietan. 11:00etan hasita prozesioa egin dute parrokiatik herriko plazara, hainbat haur eta helduk Gerrarik ez leloarekin eta gerran diren hainbat herrialderen izenak idatzita (Mendebaldeko Sahara, Mali, Ukraina, Siria...) zituzten kartelak hartuta herriko plazara joan dira prozesioan.

Erramuen bedeinkatze ekitaldirako plazan dozenaka herritar bilduta zegoen ordurako, eskuetan erramu adarrak zituztela. Bakearen aldeko mezuak irakurri dituzte bertan bi eliztarrek eta Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak. Ondoren, erramu adarrak bedeinkatu ditu Azurmendik, eta "bakea munduan zehar zabaltzeko" usoak aireratu dituzte.

Behin, erramu bedeinkatzearen erlijio ekitaldia bukatutakoan, prozesioan elizara joan dira herriko plaza nagusian bildutakoak, eta han meza nagusia egin dute.

Azkoitiko Parrokiak gaurko elizkizun eta ospakizunekin hasi ditu Aste Santuko ekitaldiak. Datozen egunetako egitaraua honakoa da:

  • Apirilak 14. Ostegun Santua:

11:00: Parrokian haur eta gaztetxoentzat Ospakizuna eta bisita gidatua.

12:30: Parrokian bisita gidatua: Parrokia eta Aste Santuko irudiak.

17:00: Meza, Santa Klara elizan, gaztelaniaz.

19:00: Parrokian Jesusen Afariaren Ospakizun Meza, euskaraz.

21:00: Otoitzaldia: Gau Gurtza.

  • Apirilak 15. Ostiral Santua.

09:00: Eliza irekiko da gogoetarako eta bisitarako.

11:00: Gurutze Bidea.

12:30: Bisita Gidatua Azkoitiko Gune Historikoan. Irteera parrokia aurretik.

16:00: Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna, Santa Klarako elizan, gaztelaniaz.

17:00: Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna eta prozesioa, parrokian, euskaraz.
 
21:30: Hilobirako Prozesio Santua.

  • Apirilak 16, larunbata. Pazko Bezpera.

21:00: Parrokian Pazko Gaubeila, euskaraz: sua, pazko suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde Meza.

  • Apirilak 17,  Igande Santua.

11:00: Pazko Meza Nagusia.