Holz Und Blech musika jaialdiko kideak ludotekan izan dira

Nerea Uranga 2022ko api. 9a, 08:00

Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdiko kideek Azkoitiko ludotekakoei erakutsi zieten atzo disjo jartzaile baten lanak nondik norakoak diren. Musika elektronikoaren jaialdia maiatzaren 6an eta 7an egingo dute.

Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdiko kideak Azkoitiko ludotekan izan ziren atzo ostirala, arratsaldean. Dozena bat gaztetxo bildu ziren saioan, eta aurrena, disko jartzaile baten egitekoak nondik norakoak diren azaldu zizkieten jaialdiaren antolatzaileek. Segidan, disko jartzaileak zer eta nola egiten duen lan erakutsi zieten bertatik bertara.

Maiatzaren 6an eta 7an egingo dute VI. Holz und Blech musika elektronikoaren jaialdia. Zuhaitz Urain Zizu zena musika elektronikoaren sustatzaile handienetakoa izan zen Azkoitian, eta haren omenez antolatu ohi dute jaialdia.

Antolatzaileak egun horretarako egitaraua lotzen ari dira. Jaialdiarekin batera, ordea, bazkaria ere egin ohi dute, eta antolatzaileek dagoeneko jarri dituzte bazkarirako txartelak. Joseba jatetxean egingo dute bazkaria, eta txartelak 35 euroan jarri dituzte saltzen Tta-kun eta Dean tabernetan.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide