Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak eta udalak hitzarmena sinatu dute

Ane Olaizola 2022ko api. 8a, 16:16

Euskara zinegotzi Marijose Arregik eta Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko presidente Idoia Alberdik sinatu dute goizean akordioa, "euskarari bultzada" emateko helburuarekin. Elkarteak, dirulaguntzaren bidez, pertsona bat kontratatuko du egun erdiz, euskararen dinamizazio lanak egiteko.

Azkoitiko Udalak eta Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean, euskarari bultzada emateko helburuarekin. Euskara zinegotzi Marijose Arregik eta Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko presidente Idoia Alberdik sinatu dute akordioa, eta horren bidez, udalak 11.000 euroko dirulaguntza emango dio elkarteari. Modu horretara, euskara elkarteak, besteak beste, pertsona bat kontratatuko du egun erdiz euskararen dinamizazio jarduerak egiteko. Udalak azaldu duenez, pertsona horren ardura izango da datorren Euskaraldia koordinatzea eta elkartearen 25. urteurreneko ospakizuna antolatzea. Hain zuzen ere, erakundearen arabera, dinamizatzaile bat hartzeko eskaera Euskara Mahaiak egindakoa da, eta udala eta Maxixatzen "ados jarri" dira horri erantzuna emateko.

Udalak gogoratu duenez, elkarteak urtero antolatu ohi ditu Orbel Jokoak eta Maiatzeko Lorak, baina COVID-19aren izurria dela eta horiek zein elkartearen 25. urteurreneko ekintzak atzeratu behar izan dituzte —elkarteak adierazi zuen aurten ospatuko duela urtemuga—. Era berean, joan zen astean Geure Gelatik liburu azoka antolatu zuen elkarteak, "udalak diruz lagunduta". Erakundearen hitzetan, laguntzen helburu nagusia da Maxixatzen elkartea "indartzen laguntzea" eta "euskararen erabileran eragitea".