Zabalik dago Floreagako alokairurako etxebizitza sozialetan izena emateko epea

Anartz Izagirre 2022ko api. 6a, 15:48

Apirilaren 12ra bitartean egongo da etxebizitza sozial horietan izena emateko epea. Hainbat baldintza bete beharko dira eskaerak egiteko; besteak beste, Azkoitian erroldatuta egotea eta Etxebiden alta emanda egotea eskatzen dituzte.

Eusko Jaurlaritza Floreaga auzoan eraikitzen ari den etxebizitzetatik hamalau, alokairura bideratutako etxebizitza sozialak izango dira, eta horietan interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena. Apirilaren 12a bitartean, asteartea, egongo da horretarako aukera, eta izena emateko hainbat baldintza bete beharko dira.

Udalak azaldu duenez, eskatzaileek Etxebiden alta emanda egon beharko dute alokairuko eskatzaile moduan, gutxienez martxoaren 29a baino lehenagotik, hau da, esleitze prozesuaren agindua Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian (EHAA) argitaratu aurretik. Horrez gain, eskatzaileek Azkoitian erroldatuta egon beharko dute, eta horien urteko diru-sarrerek 3.000 eta 25.000 euro artekoak izan beharko dute. Bestalde, bizitza unitatea gehienez seikoa izan beharko da.

Alokairura bideratuko dituzten etxebizitza sozialetako txikienek 41,83 metro koadroko azalera dute; handienek, aldiz, 74,09 metro koadrokoa. Etxebizitza horietako bat mugikortasun urria dutenen artean esleituko dute, eta beste bat, etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa dutenen artean. Era berean, hamalau etxe horietatik bost 36 urtetik beherakoentzat izango dira, eta behar bereziak dituztenentzako beste lau etxebizitza gordeko dira. Gainontzeko hiru etxeak, berriz, eskatzaile ororentzat izango dira.

Izena emateko moduak

Eskatzaileek hainbat modu izango dituzte izena emateko. Aurrez aurre bi modu izango dituzte: Zuzenean zerbitzuaren bitartez, aurrez hitzordua hartuta —Andia kalean, Donostian—, eta Azkoitiko udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan —astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:30era—.

Postaz, bestalde, dokumentazioa Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara bidalita egongo da horretarako aukera —Andia kalea 13, 6. solairua, 20004 Donostia—, eta telematikoki, Etxebideren webgunearen bitartez.