San Jose egoitza Aldundiaren arreta eta zaintza eredu berrira egokitzeko lanak egingo dituzte

Andoni Elduaien 2022ko api. 5a, 12:30

Azkoitiko San Jose egoitza.

Markel Olano diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak jakinarazi dituzte lanak. 2023. urtea amaitu baino lehen egoitzetako obrak amaituta izatea espero dute. Aurten eta datorren urtean COVID funtsetako 20 milioi euro bideratuko ditu Aldundiak adinekoen egoitzak eredu berrira egokitzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 milioi euro bideratuko ditu adinekoen egoitzetako ekipamendua erosteko eta egoitzak Aldundiaren arreta zein zaintza eredu berrira egokitzeko. Markel Olano diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak jakinarazi dutenez, Gipuzkoako zenbait zentro Aldundiaren eredu berrira egokitze lanak egingo ditu erakundeak, tartean Azkoitiko San Jose egoitzan.

Aldundiak 37,8 milioi euro jaso zituen urte hasieran COVID funtsetatik, eta horietako 20 milioi bideratu nahi ditu lan horietara. Funts horiek erabiliko dituzte hiru lan-ildo aktibatzeko: zati bat belaunaldi berriko ekipamendua eta laguntza teknikoak erostera bideratuko dute (3,5 milioi euro); beste bat Aldundiaren eta Kabiako zentroak pixkanaka egokitzeko obrak finantzatzera (8,5 milioi euro); eta beste bat udal fundazioek edo irabazi asmorik gabeko erakundeek kudeatutako egoitzetarako laguntza ekonomikoen lerro batera (8 milioi euro).

Azkoitiko San Jose egoitzan, esaterako, aldez aurreko azterlanak eta obrak gauzatzeko proiektua idatziko dute lehenik, eta, ondoren, obra idatzi, onartu eta esleitu egingo dute. Lan guztiak "2023a amaitu baino lehen" amaituta izatea aurreikusi dute Aldundiko ordezkariek. Zaintza eredu berrirako "trantsizioa" gauzatu nahi du erakundeak, eta horretarako, ibilbide orri bat abiatu du. Egoitzak hamabost pertsona inguruko bizikidetza unitateetan oinarritutako zentro bilakatu nahi dituzte, kide ia gehienak banakako geletan antolatuz.