Azkoitia-Azpeitia ISBk garaipena eskuratu du denboraldiko etxeko azken partidan

Julene Frantzesena 2022ko api. 3a, 09:17

Azkoitia-Azpeitia ISBk atzo Azkoitian jokatu zuen partidako irudi bat. (Mikel Amenabar 'Otola')

Emaitzak ez zen bereziki garrantzitsua ISBko emakumeentzat, dagoeneko lortu baitute mailari eustea, baina zaleei denboraldiko agurrean oparia egiteko parada izan zuten horiek. ISBko emakumeek 85 eta 80 hartu zuten mendean Paterna taldea.

 

Azkoitia-Azpeitia ISBk denboraldiko azkenbigarren partida jokatu zuen atzo, zapatua, Azkoitiko kiroldegian, eta zaleengandik agurtzeko era ezin hobea izan zen. Izan ere, Andoni Lazkanok zuzentzen duen taldeak garaipena erdietsi zuen Paterna taldearen aurka. Emaitzak ez zen bereziki garrantzitsua ISBko emakumeentzat, dagoeneko lortu baitute mailari eustea –Challenge Ligan ariko dira datorren sasoian ere–, baina, hala ere, zaleei denboraldiko agurrean oparia egiteko parada izan zuten horiek.

Partidaren hasieran atzetik izan zen Azpeitiko eta Azkoitiko taldea; hain zuzen ere, 17 eta 20 bukatu zen lehen laurdena. Atsedenaldira are alde handiagoz galtzen iritsi zen taldea; Paterna zen aurretik, 31 eta 42. Hirugarren laurden oso ona eginda, aldea gutxitzea lortu zuten ISBko emakumeek, baina hura bukatzerako, nabarmen hartu zien aurrea Paternak berriz ere: 54 eta 65 bukatu zen zatia. Azken laurdena erabat erabakiorra izan zen, eta norgehiagoka iraultzea lortu zuten ISBko kideek. Hain zuzen ere, 85 eta 80 bukatu zen neurketa.

Azkoitia-Azpeitia ISBk datorren asteburuan jokatuko du denboraldiko azken partida. Extremaduran jokatuko dute lehia zapatuan, 19:00etan hasita.

Gizonek partidarik ez

Asteburu honetan ez da Urrezko LEB Ligako jardunaldirik izango, eta beraz, Juaristi ISBk ez du norgehiagokarik jokatuko. Asteazkenean neurtu zituen indarrak Almansaren kontra, eta taldeak ezin izan zuen garaipena lortu; zehazki, 89 eta 73 galdu zuen norgehiagoka.

Datorren asteburuan itzuliko da liga, eta ISBk Caceres izango du aurrez aurre. Etxean jokatuko du partida hori taldeak; igandean, 18:00etan, Azpeitiko kiroldegian izango da. Emakumeen liga ez bezala, Juaristi ISBri oraindik zazpi jardunaldi falta zaizkio denboraldia amaitzeko.