Aurrera doa Geure Gelatik azoka

Julene Frantzesena 2022ko api. 2a, 16:09

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako egitasmoaren bigarren eguna da gaurkoa, eta hainbat izan dira eguneko protagonistak. Goizean, hainbat herritar izan dira Elkargunean, liburuen postuetan erosketak egiten nahiz Garbiñe Larrearen eta Irati Jimenezen lanen aurkezpenak entzuten. Arratsaldean, Eider Rodriguezek eta Goiatz Labandibarren egin dituzte aurkezpenak. Bihar izango da azokaren azken eguna.

Aurrera doa emakume idazleak ardatz eta protagonista dituen Geure Gelatik liburu azoka. Gaur, zapatua, goizetik herritar ugari izan dira Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, bai liburuak erosten, bai idazle hainbatek egin dituzten aurkezpenak entzuten.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako egitasmoaren bigarren eguna da gaurkoa, eta hainbat izan dira eguneko protagonistak. Goizean, esaterako, Sendabelarrek dakitena (Argia) liburuaren aurkezpena egin du Garbiñe Larreak, eta ondoren, Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar) saiakera lana aurkeztu du Irati Jimenezek. Arratsaldean, berriz, Eraikuntzarako materiala (Susa) lana aurkeztu du Eider Rodriguezek, eta 18:00etan, Amez (Alberdania) Goiatz Labandibarrek. 20:00etara arte izan da irekita azoka.

Atzo, ostirala, zabaldu zituen ateak Geure Gelatikek, Arantxa Urretabizkaiari omenaldia eginda. Bihar ere izango da ekitaldirik Elkargunean. Izan ere, argitaletxeen postuak zabalik izango dira 11:00etatik 14:00etara, eta tarte horretan, Gema Lopez azkoitiarrak Edna O'Brianen Landa aldeko neskak (Erein) itzulpen lana aurkeztuko du (11:00), eta 12:00etan, emakumeek idatzitako testuen irakurketa eskainiko dute 25 lagunek.