Jose Maria Piris omendu dute, pakete bonba bat zartatuta hil zenetik 42 urtera

Julene Frantzesena 2022ko api. 2a, 12:24

1980ko martxoaren 29an, 13 urterekin hil zen Piris, ETAk guardia zibil baten autoaren azpian jarri zuen eta autoa martxan jartzean askatuta lurrean gelditu zen bonba pakete bati ostikoa eman eta lehertuta. Fernando Garcia larri zauritu zen. Pirisen senideak eta Garcia Floreaga auzoan izan dira gaur, Eusko Jaurlaritzak eta Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak antolatutako eta Azkoitiko Udalak babestutako oroimen ekitaldian.

Floreaga auzoan, duela 42 urte hil zen lekuan, Jose Maria Piris zenaren oroimen ekitaldia egin dute gaur, zapatua. 1980ko martxoaren 29an hil zen orduan 13 urte zituen Piris, ETAk guardia zibil baten autoaren azpian jarri zuen eta autoa martxan jartzean askatuta lurrean gelditu zen bonba pakete bati ostikoa eman eta lehertuta. Pirisen laguna zen eta han bertan zegoen Fernando Garcia 12 urteko haurra larri zauritu zen ezbeharrean.

Gertaera hura jazo zenetik 42 urtera egin dute omenaldia, Pirisen oroimenez Floreaga auzoan jarrita dagoen monolitoaren ondoan, Eusko Jaurlaritzak nahiz Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak antolatuta, Azkoitiko Udalaren babesarekin. Izatez, 2020an ziren ekitaldia egitekoak, baina pandemia tarteko, bi urtez atzeratu behar izan dute. Gaur gauzatu dute omenaldia, erakundeetako ordezkariak nahiz Pirisen eta Garciaren senideak eta gertukoak han zirela. Extremaduratik ere etorri dira herritarrak, Piris hiltzean sorterrira itzuli baitzen haren familia. Gainera, ordutik, gaur elkartu dira lehen aldiz Piris eta Garcia familiak.

Oroimenerako eta aitortzarako tartea

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Pirisen senideak –Juan Antonio Piris anaia, besteren artean–, larri zauritu zen Garcia eta haren gertukoak, ekitaldia antolatu duten erakundeetako ordezkariak –Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Jose Antonio Rodriguez Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Monica Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; eta Jose Maria Anton Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidentea– Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak –Javier Zubizarreta alkatea eta hainbat zinegotzi– nahiz Piris hil zenean Azkoitiko alkatea zen Roman Sudupe. Halaber, hainbat herritar izan dira ekitaldian.

Azkoitiko alkatea izan da ekitaldian hitza hartzen aurrena, eta hark bi galdera eginez hasi du solasaldia: "Zergatik? Zertarako?", Pirisen hilketari erreferentzia eginez. "Ikasle garaian esan izan zidaten arrazoitzeko gaitasuna dela gizakia beste animaliengandik bereizten duena, baina errealitatean gure historiaren zati askotan arrazoibidearen gabezia nagusitu izan da. Etengabe gutxietsi da arrazoiaren indarra, eta indarrari eman zaio arrazoia". Zubizarretak esan duenez, horrek "basakeriara, sufrimendura eta injustiziara" eraman du gizartea, eta "beti errugabeak ateratzen dira kaltetuen". Duela 42 urte gertatutakoa ekarri du gogora, bizitzaren aldeko apustua aldarrikatzearekin batera. "Egin dezagun lan arrazoibidea izan dadin beti gure desberdintasunak konpontzeko bidea".

Artolazabalek Pirisen senideak izan ditu gogoran, bera ere ama dela eta haiek zenbat sufritu duten "imajina" dezakeela esanda. "Ezinezkoa da, ordea, Pirisen amak, aitak eta familiak sentitu zuten urradura, mina nahiz pena sentitzea". Sailburuak azaldu duenez, "oroitzapenak, minak, maitasunak eta elkartasunak" batu ditu gaur Azkoitian, "konpromisoak" batu ditu, hala zuzendu zaio Jose Mariaren anaia Juan Antonio Pirisi. "Ez, ez, ez, bonba hura ez zen inoiz jarri behar, ez baitago indarkeriaren bidez, inoren aurka defendatzea merezi duen ideia edo proiektu politikorik". Bestalde, ETAk duela 42 urte Floreagan gertatu zena "akatsa" izan zela adierazi zuela azaldu du sailburuak, baina "akatsa ez" zela izan azpimarratu du. "ETAren terrorismoa izan zen akatsa, ETAren sorrera akatsa izan zen. Terrorismoak ez du albo kalterik utzi, biktimak utzi ditu; ez gure izenean. 1980ko udaberriko larunbat hartan haur bat kendu ziguten, gutako bat, eta gure askatasunaren zati bat kendu ziguten". Hark "aitortza" egin die Pirisen familiari eta Garciari nahiz haren senideei. "Berriro bakarrik sentituko ez zareten konpromisoa, indarkeriarik gabeko etorkizunarekiko konpromisoa azaldu nahi ditugu. Jose Mariaren oroimenez, terrorismoaren biktima guztien oroimenez, giza eskubideen urraketa guztien biktimen oroimenez. Inoiz zuen gertatu behar, eta inoiz gehiago gerta ez dadin".

Antonek ere hartu du hitza ekitaldian, eta "egun handia" dela esan du. "Ziur nago familiak ez zukeela egun hau iristerik nahi, zoritxarreko egun hura izatea nahiko ez zuketeen bezala, eta ziur nago Fernandok ere gaur hemen laguna oroitzea baino nahiago zukeela lagunarekin egotea". Pirisen familia Extremaduratik Azkoitira bizitza "hobe" baten bila etorri zela, baina Azkoititik "ekarri zutena baino gutxiagorekin" itzuli zela azaldu du hark: "Minez eta sufrimenduz beteta itzuli ziren sorterrira". Bestalde, Pirisen familiari beti "zerbait" faltako zaiola adierazi du. "Beti sumatuko du zerbaiten falta, eta inoiz ez da izango izan zena. Beti faltako zaio justizia, babesa...". Horrekin batera, "beren senideek eragindako mina gutxitzen" laguntzeko deia egin die herritarrei, eta presoen ongietorriak salatu ditu. "Biktimok dugun mina oso gogorra da, eta oso gogorra da maite duen norbait galduta, norbait ospakizunak egitera ausartzea; haserregarria da".

Ekitaldiaren bukaeran, Pirisen senideei eta Garciari nahiz erakundeetako ordezkariei Agurra dantzatu die Aitor Sorazuk, Txalkor txistulari taldeko kideen doinuz lagunduta. Ondoren, lore eskaintza egin diote Pirisi, haren oroimenezko monolitoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide