Doinu zaharrak eta berriak, Joseba Tapiak Baztartxon eskainitako kontzertuan

Maialen Etxaniz 2022ko api. 2a, 09:46

Atzo eskaini zuen kontzertua Joseba Tapiak Baztartxon, 22:00etan hasita. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatu zuen ekitaldia, oinarrizko produktuen biltegia hauspotzeko Ogi apurrik ez! kanpainaren barruan. 

Joseba Tapiaren kontzertua izan zen atzo, ostirala, gauean Azkoitiko Baztartxo antzokian, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatuta. Tapiak bere ibilbidean zehar sortutako askotariko abestiak eskaini zituen ordu eta erdi inguru iraun zuen emanaldian, eta ondoan izan zuen Xabier Leturia ere, panderoa astinduz. Joseba Tapiak kaleratu berri duen Egon edo ez egon diskoko abestiak ere entzuteko aukera izan zen atzokoan, diskoaren aurrestreinaldi bakarrean. 

Apirilaren 8an bukatuko dira Ogi apurrik ez! Elkartasuna eta borroka kanpainaren barruko ekintzak. Egun horretan, 19:00etan argazki jendetsua aterako du Kontseilu Sozialistak Esklabetan, eta 22:00etatik aurrera Boot Boys eta Sofokaos taldeen kontzertuak eta DJak izango dira Azpeitiko Gaztetxean.

(Argazkiak: Urola Erdiko Kontseilu Sozialista)