Elantxobe eta Lekeitio bisitatuko dituzte apirilean Plaza Ondo elkarteko kideek

Andoni Elduaien 2022ko api. 3a, 09:00

Besteak beste, Lekeitioko portua ezagutuko dute bisitariek. (TurismoVasco)

Hilaren 27an egingo dute irteera Bizkaiako bi herri horietara, eta bidaian parte hartzeko nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea. Hain zuzen ere, etzi, asteartea, zabalduko dute horretarako epea.

Plaza Ondo Azkoitiko jubilatuen elkarteak Elantxobe eta Lekeitio (Bizkaia) herriak ezagutzeko irteera antolatu du apirilaren 27rako. Egun horretako 08:30ean Aizkibel liburutegi paretik abiatuko dira Bizkaiara autobusean, eta elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez, parte hartzaile bakoitzak bere hamarretakoa eraman beharko du irteerara; edariaren ardura, berriz, bere gain hartuko du Plaza Ondo elkarteak.

Irteeran parte hartzeko izena eman beharko da aurrez Plaza Ondoren Kultur Etxeko bulegoan. Hain zuzen ere, etzi, asteartea, irekiko dute izena emateko epea, eta apirilaren 21era arte luzatuko dute. Astelehenetik ostiralera bitartean, 10:00etatik 12:00etara bitartean zabalduko dute bulegoa; 35 euro ordaindu beharko da irteeran parte hartzeko.