Aurki hasiko dira Gaztaneneako parke estalia konpontzeko lanekin

Julene Frantzesena 2022ko api. 1a, 12:22
Gaztaneneako parke estaliak egun duen itxura. (Azkoitiko Udala)

Kontratazio Mahaiak Urbabil 2000 enpresak aurkeztutako proposamena onetsi du, eta obren kontratua sinatzen dutenetik, bi hilabeteko epean gauzatu beharko ditu lanak. Udalak adierazi duenez, Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, kasua ez baitute argitu.

Joan zen urtarrilaren 2an Gaztaneneako parke estalian izandako suteak eragindako kalteak konpontzen eta parkea lehengoratzeko lanak egiten hastear da Azkoitiko Udala, eta Kontratazio Mahaiak Urbabil 2000 enpresak aurkeztutako proposamena onetsi duela adierazi du erakundeak. Enpresa horrek eskainitako proposamenaren aurrekontua 129.702 eurokoa da, eta kontratua sinatzen dutenetik bi hilabeteko epean gauzatu beharko ditu lanok. Udalak adierazi duenez, suteak eragindako kalteen gastuak ordaintzeko 104.000 euro jasoko ditu asegurutik.

Suteak kalte handiak eragin zituela gogorarazi du erakundeak, eta ordutik, konpontze lanak lehenbailehen hasteko denborarik ez duela galdu esan du. Otsaileko udalbatzarrean kreditu aldaketa onartu zutela ere jakinarazi du, 145.000 euro bideratu baitzituzten parkea berritzeko lanetarako. Obra horien lizitazioa otsailaren amaieran jarri zuen martxan erakundeak, eta martxoaren 14an bukatu zen proposamenak egiteko epea.

Kasua argitu gabe

Udalak adierazi duenez, Ertzaintzak sutearen kasua ikertzen jarraitzen du gaur-gaurkoz. Poliziak hainbat galdeketa egin dituela ere adierazi du erakundeak, baina oraindik ez dutela kasua argitzerik lortu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide