'Tarara' antzezlana izango da ikusgai zapatuan Baztartxo antzokian

Anartz Izagirre 2022ko mar. 30a, 12:34
Gurrutxaga eta Errasti 'Tarara' antzezlaneko une batean. (Dani Blanco)

Hika Teatroak ondutako antzezlana izango da zapatuan Baztartxon ikusi ahal izango dena, eta, besteak beste, Jose Cruz Gurrutxaga azkoitiarra igoko da agertokira. Sarrerak salgai daude dagoeneko Azkoitiko Udalaren webgunean, zortzi euroren truke.

Datorren larunbatean, apirilak 2, Hika Teatroa konpainiaren Tarara antzezlana ikusteko aukera izango da Baztartxo antzokian, 19:00etan hasita. Agurtzane Intxaurraga da obraren zuzendaria, eta hark adierazi duenez, "Hikaren berezko unibertso poetikoa eta aldarrikapen sozialerako duen grina tontorrean" jartzen dituen ikuskizuna da Tarara. Hainbat aktore ezagunek parte hartzen dute antzezlanean, eta horietako bat Jose Cruz Gurrutxaga azkoitiarra da. Dagoeneko eros daitezke ekitaldirako sarrerak Azkoitiko Udalaren webgunean, zortzi euroren truke.

Intxaurragak nabarmendu duenez, Tarara "barkamenari kantu bat" da: "Garai ilun eta patriarkal bateko emakumeei omenaldia da antzezlana, 70eko hamarkadako Bilboko San Fran auzoko giro marjinatu eta bohemioaren argazkia. Ume zaurituei eskainitako ipuina, euskaraz gutxitan kontatu den istorioa". Josi Alvado valentziarra da obraren egilea, eta SGAEren I. Ana Diosdado saria irabazi zuen 2019an; Arantxa Iturbe izan da antzezlana euskaratu duena.

Guztira, sei aktore igoko dira Baztartxoko agertokira, baina obra euskaraz zein gazteleraz egin ohi dutenez, aktore talde zabalagoa dute. Honakoak dira Tararan parte hartzen duten aktore guztiak: Tania Fornieles, Kepa Errasti, Jurdana Otxoa, Itziar Ituño, Eneritz Artetxe, Jose Cruz Gurrutxaga, Adrian Garcia de los Ojos eta Iñar Sastre.

Agertokian, azkoitiarrez

Gurrutxagak Hika Teatroa konpainiarekin lan egiten duen lehen aldia izango du, eta esperientzia "oso aberasgarria" izaten ari dela nabarmendu du: "Hikaren ibilbidetik eta Tararatik gustatzen zaidana da beti zerbait dagoela kontatzeko, eta kontatzen dena ez dela atsegina eta komertziala. Ez da parametro horietan mugitzen, eta konpainiak horren alde apustu egiten du beti, bere ibilbidean ikusten den bezala".

Bestalde, azkoitiarrak nabarmendu du oholtzan Azkoitiko hizkeran hitz egingo duen pertsonaia bat izango dela, baina ez duela berak gorpuztuko, Kepa Errastik baizik: "Bere pertsonaia azkoitiarra da. Zuzendariarekin ados jarrita, Azkoitian jarri du pertsonaiaren jaioterria". Horren harira, Gurrutxagak adierazi du obraren entseguetan "kostatu" egiten zaiola Errastik azkoitiarrez hitz egitea eta berak ez: "Azkoitiar batentzat zaila da beste azkoitiar batekin batuaz hitz egitea".

Antzezlanaren inguruan Gurrutxagak azaldu du "apustua eta erronka" dela Tarara, eta "oso beharrezkoa iruditzen zaiola bertan kontatzen dena. Lankideekin ere "pozik" dagoela gaineratu du, eta "oso giro polita" dutela lantaldean.

Zozketa, martxan

Maxixatzenek, ohi bezala, Azkoitiko Udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu erabiltzaileen artean, eta zozketan parte hartu nahi dutenek bihar arteko epea dute horretarako; 12:00etan itxiko da horretarako aukera.

Zozketan parte hartzeko, honako lotura honetan eman beharko da izena. Irabazleak ostegunean jakinaraziko ditu Maxixatzenek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide