Desgaitasuna duten pertsonen babestutako ondareaz hitz egingo du bihar Teresa Lierni Fernandezek

Andoni Elduaien 2022ko mar. 29a, 08:45

19:00etan hasiko da hitzaldia Elkarguneko Oteiza aretoan. Teresa Lierni Fernandez Gipuzkoako abokatuen elkarteko kideak eta zuzenbidean lizentziadunak eskainiko du solasaldia.

Bihar, asteazkena, Desgaitasuna duten pertsonen aldeko ondare babestua izeneko hitzaldia eskainiko du Teresa Lierni Fernandezek. Marea Urdinak antolatu du saioa udalaren babesarekin, eta besteak beste, ondare babestua zer den, onuraduna nor izan daitekeen, nola osatzen den, ondare babestuaren barruan zer sar daitekeen, abantaila juridikoak eta fiskalak zein diren, admnistratzailea nor izan daitekeen eta horren betebeharrak zein diren azalduko du Fernandezek.

Fernandez lizentziaduna da zuzenbidean, eta Gipuzkoako abokatuen elkarteko kidea da. Era berean, espezialista da zuzenbide zibilean, familia zuzenbidean, oinordetza zuzenbidean nahiz pertsonen aurkako delituetan. Izapide prozesaleko eta administrazioko irakaslea ere bada Fernandez. Marea Urdinako kideek jakinarazi dute hitzaldia gazteleraz izango dela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide