Kronika

Oier Etxeberriak irabazi du Erniarraitz bertso sariketaren finala

Atzo, ostirala, jokatu zuten Erniarraitz bertso sariketaren XI. edizioko finala Azpeitiko Gaztetxean, eta Oier Etxeberriak irabazi zuen saioa. Harekin batera aritu ziren agertokian Txaber Altube, Oihana Arana, Irati Alcantarilla, Urko Arregi eta Unai Mendiburu. Jon Gurrutxaga bertsolariak finalaren inguruan egindako kronika da honakoa.

Ibilbidearen emaitza eta erakusgarria zen atzoko saioa, eta jendetzak erantzun zion bertsolarien emanari. Bailara bertsozalea da gurea, zaindu eta iraunarazi beharko dugu, beraz, aurrerantzean ere gure ekosistematxoa, piztirik indartsuenak ere herrenka hasten direlako gaurtik biharrera.

Hasierako agurretik egurrera, egurretik borrokara, eta borrokatik gudu-zelaira ibili ziren iruditeria belikoa finala non eta nola jokatuko zen markatzera baletor bezala. Eskerrak elkar hartuta egiten den bertsotan.

Gozo ekin zioten, halere, 8ko handiari. Oihana Arana eta Txaber Altube anai-arrebei etxean bizi zen amona hil zaie, Aranak hiletara joatea erabaki du eta Altubek etxean geratzea. Dolua nork bere erara bizi duela defendatu zuten, baina ez ikuspegi aurkakoz, osagarriz, baizik. Aranak bigarren bertsoan aurreneko kalitate seinaleak utzi zituen. Heriotzaz ari da, eta lehenengo erriman "mundanoa" dakarkizu, azken bi puntuetan bertsoa errematatzeko: "elizan entzun besteen negar, kantu gregorianoa/ inporta al zaizu gero lotara zure ohera banoa". Altubek ofizioa modu elegantean itxi zuen gero, arrebari muxu bat eskaini, eta muxu hori amonari emateko eskatuz. Bestalde, Irati Alcantarillak bere ofizioan gaiari nola heldu zion ere azpimarratuko nuke, eta adierazgarri moduan, beste zertzelada txiki bat. Asanblada bateko bi kide dira Urko Arregi eta biak. Urko asanbladan erretzearen aldekoa, eta Alcantarilla ez. Asanbladan "ur eta olio" direla biak eta tamalez denen hitzak ez duela "berdin balio" esan zuen. Oso txukuna irundarrak saioari ekin zion modua.

8ko txikian bertsoaldi bat beste ororen gaindi. Atzoko txapeldunaren bertsorik onena ariketa honetan etorri zen gaztetxeko kideen ustez, eta gutako askoren ustez ere, hor nonbait. Urko Arregi eta Oier Etxeberria bi monja dira, Arregi liburuzaina, eta Etxeberria liburutegira gero eta maizago doakion irakurlea. Etxeberriak erakarmena sentitzen du Arregiganako. Azpeitiarraren bigarren bertsoa goitik behera josita dator, eta azken bi puntuetan pekatuzko zalantza aireratzen du: "zer pekatu klase da nik zurekikoa/ itun zaharra edo itun berrikoa". Etxeberriak baditu dohain harrigarriak bertsotarako, eta horietako bat gaiari dagozkion elementuak maisuki ekartzearena da. Bere bertsoak ikusi egiten dira, eta esango nuke hori dela jardun honetan lortzen zailenetako puntu bat.

Kanporaketan erakutsi zuen Urko Arregik puntu erantzunetarako erraztasuna daukala, eta finalean berretsi egin zuen abilidadea. Bere puntua honakoa zen; "Robotak egitea gaur egungo moda", eta erantzuna; "laster pertsona ere robot izango da/ dena da legea da ta dena metafora/ helburu zehatz gabe ez goaz inora". Ez dakit non, eta ez dakit norekin, baina ezagun du oñatiarrak bertsotan asko ibilia dela. Ez da ezagutzen dudan bertsolaririk erregularrena, baina aportatu egiten du Arregik doan lekuan.

Kronikak kritika kutsua izango du hemen; makulu bedi akulua. 6ko motza ariketa konplikatua da teknikoki, probatu duenak badaki zertaz ari naizen, sei errima oso espazio txikian errenditu beharraz, motzean esateko. Bertsolariek erantzun egin zuten, oro har, ariketaren zailtasunen aurrean, eta txukun osatu zituzten bertsoaren teknikari zegozkionak. Halere, pisua gertatu zen ariketa entzuleontzat, beste arrazoi batengatik. Hiru ofizioetan "aizak hi mutil mainontzi" doinuan aritu ziren bertsolariak, eta hori, nire ustez, hautu okerra da saioaren dinamika nabarmenki moteltzen baitu. Ez ditugu neurri berezi horrentzat doinu gehiegi ezagutzen, baina badaude, eta ahalegina egin beharko genuke bestelakoak deskubritu eta ekartzeko. Entzulearen belarriak estimatu egingo luke, nik uste.

Kartzelakoaren ordua. Honela zioen gaiak: Taldearen parte zaren arren, ez zara eroso sentitzen. Askotarikoak izan ziren erabili zituzten gidoiak. Txirrindularia, preso baten bikotekidea, kanpotik euskara ikastera etorritako euskara ikaslea… Bat aipatzekotan Txaber Altuberena nabarmenduko nuke. Kirolean ondo moldatzen ez den futbol talde bateko nerabearen azalean jarri zen abadiñarra. Karikatura fina egin zuen "kono bat baino txarragoa" dela esaten diotela, adibidez. Bigarren bertsoa goitik beherakoa izan zen, atzoko bertsorik onena ere lasai asko izan zitekeen. Taldeko afaria antolatzen ari direneko testuinguruan, hauxe bukaera; "watsapez galdetu nien gure plana zertan zetzan/ bi tikak urdindu ziren ta ez zuten ezer esan". Oso txalotua izan zen Altuberen bigarren Habanera.

Emaitzaren orduan, berezko emozioa, eta tanbor hots isila bakoitzaren buru barruan burrundaka. Oier Etxeberria esan zutenean, txalo zaparrada zaratatsuan lehertu zen gaztetxea. Bertso eskolakook ere elkar estututa erreakzionatu genuen. Juantxo Sagardogik jantzi zion txapela txapeldunari, Erniarraitzen sorreran, eta gerora ere, egindako lan guztiari eskertza moduan.

Zilegi bekit aitortza xume bat lerrootan. Ezin izango gaituk egunero harrizko. Umetatik antzematen zitzaian, baheukan zerbait apartekoa bertsotan aritzeko. Ziurrenik hizkuntza tratatzeko eta mimatzeko joera horrek lagunduko zian, baita arrazoitzeko modu matematikoa izateak ere. Hemen betidanik limurtu duan bat; asko poztu gintuan atzo, Oier.

Eta zuri, azken hitza irakurle. Sariketak eman du eman beharrekoa, eta ondo bidean itzuliko da hemendik bi urtetara. Bien bitartean, segi saioetara agertzen, bertsozaletasuna sostengatzen, eta bertsolari gazteei oholtzaratzeko aukera errazten.

Finaleko sailkapena:

Oier Etxeberria - 271 puntu

Txaber Altube - 262 puntu

Oihana Arana - 262 puntu

Irati Alcantarilla - 257,5 puntu

Urko Arregi - 256 puntu

Unai Mendiburu - 237 puntu

(Argazkiak: Maialen Etxaniz)

Erlazionatuak

"Finalean erakutsi dugun maila ona izan da"

kultura

Erniarraitz bertso sariketaren XI. edizioko txapela jantzi berritan, Oier Etxeberria "gustura" azaldu da, eta sentipen horrekin aritu zen atzo abes...

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide