Idazle emakumeen lanari balioa ematera dator Geure Gelatik liburu azoka

Andoni Elduaien 2022ko mar. 24a, 16:15

Arregi eta Zubillaga zinegotziak, Lopez, Elvira eta Garate, aurkezpenean.

Apirilaren 1etik 3ra bitartean, idazle emakumeen sei liburu aurkeztuko dituzte Elkarguneko Herriko plaza aretoan. Maxixatzen euskara elkarteak, gainera, Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarraren ibilbideari aitortza egingo dio, eta azoka emakumeek idatzitako testuen irakurketa saioarekin itxiko dute.

Apirilaren 1etik 3ra bitartean, Geure Gelatik liburu azoka egingo dute Elkarguneko Herriko plaza aretoan. Maxixatzen euskara elkarteak antolatu du azoka Azkoitiko Udalaren babesarekin, eta gaur, osteguna, aurkezpen ekitaldia egin dute Elkargunean bertan. Maxixatzen elkarteko Julen Garatek, Azkoitiko Udaleko Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak nahiz Marijose Arregi Euskara zinegotziak, Carmen Elvira Euskal Editoreen Elkarteko (EEE) presidenteak eta Leire Lopez Susa argitaletxeko ordezkariak parte hartu dute aurkezpenean.

Azokan beraien postuak jarriko dituzte Alberdania, Elkar, Erein, Igela, Pamiela, Susa eta Txalaparta argitaletxeek, eta areto berean egingo dituzte liburu aurkezpenak, aitorpenak eta irakurketak. Apirilaren 1ean, ostirala, 17:00etan irekiko dute azoka. Larunbatean, berriz, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta igandean, 11:00etatik 14:00etara.

Maxixatzen euskara elkarteak berreskuratu egin du liburu azoka; izan ere, 2005etik 2008ra bitartean lau urtez jarraian antolatu zuten azoka. Julen Garate Maxixatzen euskara elkarteko kideak adierazi du, berdintasuna bezala euskara ere "bigarren mailan" dagoela oraindik, eta azokaren bitartez "bultzadatxo bat" eman nahi dietela horiei. "Apustu handia egin du elkarteak aurten. Aurreko azoketan liburu baten aurkezpena egin ohi zen, baina, gauza desberdinak egiten saiatu gara aurten". Era berean, udalak emandako babesa eskertu du Garatek, baita argitaletxeek azokan parte hartzeko erakutsi duten prestutasuna ere. "Ahal dugun guztia egin dugu azoka antolatzeko, eta orain, herritarrak animatu nahi ditugu".

Zubillaga pozik agertu da agerraldian, eta garrantzitsua iruditu zaio azoka antolatzea, horrek emakumea, literatura, eta euskara "erdigunean" jarriko dituelako. "Maxixatzen euskara elkarteko kideak azoka berreskuratu nahi zutela proposatu eta udalak lagunduko al zuen galdetu zigutenean, udalak ez zuen zalantzarik egin. Euskara zerbitzuak eta berdintasun arloak eskuzabalik hartu zuten ideia". Euskara elkarteak egitarau "zabala" eta "erakargarria" antolatu duela uste du Zubillagak, eta hark zoriondu egin ditu Maxixatzen eta azokan parte hartuko duten argitaletxeak zein idazleak. Era berean, Zubillagak nabarmendu du liburu azokak emakumeak literaturan duen "pisua bistaratzen" lagunduko duela. "Emakumea eta literatura betidanik egon dira lotuta, eta merkatuan bere tokia egiten joan da. Halere, emakumeok lehen lerroan jartzeko beti ditugu gainditu beharreko oztopo gehiago, eta horri buelta emateko beharrezkoak ditugu horrelako azokak".

Carmen Elvira Euskal Editoreen Elkarteko (EEE) presidenteak, bestalde, Maxixatzen elkarteari eta udalari eskerrak eman dizkie, azoka antolatzeko erakutsi duten konfiantzagatik. Argitaletxeen izenean aritu da Elvira, eta hark emakumeenganako begirada zabaldu nahi izan du. "Kontutan izan behar dugu zenbat emakume dauden argitaletxeen munduan, baita idazten nahiz irudigile edo itzultzaile lanetan ere. Azken urteetan hazten joan da emakumearen presentzia argitaletxeen barruan. Beharrezkoa da emakumeek espazio hori edukitzea eta babestea. Espero dugu jendeak azokan parte hartzea, eta azoka literaturaren eta emakumeen jaia izatea. Azoka batzuek merkantilismo puntua dute, baina Geure Gelatik azokarako ekintza asko antolatu dituzte".

"Apustu handiko egitaraua"

Arantxa Urretabizkaia idazlearen ibilbidea aitortuko du euskara elkarteak aurtengo azokan; elkarteak egingo duen lehen aitorpena da donostiarrarena. "Azoka aberatsagoa da idazle bati bere ibilbidearen aitortza eginda. Arantxa Urretabizkaiak ibilbide luzea du literaturan, eta gainera, arlo asko ukitu ditu. Liburu berria kaleratzear da, eta pena da gurean aurkeztu ezin izana". Halere, Garatek jakinarazi du Goiatz Labandibarrek lehen aldiz aurkeztuko duela Amez liburua.

Bestalde, Amaia Zinkunegiren Otsandreak korrika liburuaren kontaketa eta Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue saiakeraren emanaldia ere izango dira. Honako lau liburu hauek ere aurkeztuko dituzte: Garbiñe Larrearen Sendabelarrek dakitena, Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala, Goiatz Labandibarren Amez eta Gema Lopez itzultzaile azkoitiarrak itzulitako Edna O'Brienen Landa aldeko neskak. Era berean, azoka emakumeek idatzitako testuen irakurketa saioarekin itxiko dute; 25 lagunek parte hartuko dute testuen irakurketan.

Hona hemen egitaraua osorik:

Apirilak 1, ostirala
  • 17:00etan, azokaren irekiera.
  • 17:30ean, Juan Luis Zabalak aurkeztuta, Arantxa Urretabizkaiaren ibilbideari aitortza.
  • 19:00etan, Amaia Zinkunegiren Otsandreak korrika liburuaren kontaketa.
Apirilak 2, larunbata
  • 11:00etan, Garbiñe Larrearen Sendabelarrek dakitena (Argia) liburuaren aurkezpena.
  • 12:00etan, Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar) saiakerarekin prestatutako emanaldia.
  • 17:00etan, Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala (Susa) liburuaren aurkezpena.
  • 18:00etan, Goiatz Labandibarren Amez (Alberdania) liburuaren aurkezpena.
Apirilak 3, igandea
  • 11:00etan, Gemaz Lopezek itzulitako Edna O'Brienen Landa aldeko neskak (Erein) liburuaren aurkezpena.
  • 12:00etan, emakumeek idatzitako testuen irakurketa, 25 lagunen eskutik.