Digitalizazioarekiko duten interesa ezagutzeko, udalak galdetegia zabalduko du saltokietan

Andoni Elduaien 2022ko mar. 24a, 10:30
Azkoitiko Kale Nagusia.

Udalak jakin nahi du herriko saltokien artean digitalizaziorako urratsa zenbatek egin duten, baita pauso hori oraindik eman ez dutenen artean zenbaterainoko interesa dagoen ere. Datozen egunetan 250 galdetegi zabalduko dituzte herrian.

Azkoitiko Udalak galdetegia zabalduko du herriko saltokietan, digitalizaziorako horiek duten interesa zenbaterainokoa den ezagutzeko. Erakundeak nabarmendu du kontsumo ohitura "aldatzen" hasia zegoela lehendik, eta pandemiak online salerosketak "areagotu" egin dituela. "Digitalizazioa kezka bihurtu da saltoki txiki eta herrian zerbitzuak eskaintzen dituzten negozioentzat", nabarmendu du udalak.

Arrazoi horien aurrean, udaleko Merkataritza arloak, Herrixen merkatari elkartearekin lankidetzan, galdetegi bat zabalduko du datozen egunetan herriko dendetan eta zerbitzuetan. Erakundeak adierazi du pertsona bat bertaratuko dela galdetegia utzi, eta haren inguruko azalpenak ematera. Lehen urratsaren ondoren, saltokietako arduradunek astebeteko epea izango dute galderak betetzeko. Behin epea amaituta, galdetegiak entregatzera joaten den pertsona berak jasoko ditu galdetegiak negozioetatik.

Lanketa horrekin udalak "digitalizazioarekiko kezkei eta buruhausteei" erantzun nahi die. Era berean, saltokien eta negozioen esku jar daitezkeen baliabide egokienak zeintzuk diren ezagutu nahi dituzte, baita interesa zenbaterainokoa den ikusi ere. Galdetegiaren bidez jakingo dute, besteak beste, herriko saltokiek negozioa sustatzeko Internet nola eta zenbat erabiltzen duten, sare sozialak elikatzen dituzten edota edukiak eguneratzeko ohiturarik ba al duten. Bide batez, jakin nahi dute oraindik digitalizaziorako urratsa egin ez duten saltokiak prest egongo ote liratekeen jauzia emateko.

Guztira, 250 galdetegi inguru zabalduko ditu udalak herriko saltokietan eta zerbitzuetan. Edonola ere, saltokiren batek galdetegia betetzeko interesa izan arren, ez balu jasoko, Merkataritza arloarekin –Kultura Saila– harremanetan jartzea nahikoa izango du galdetegia eskuratzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide