Bestaldetik

Erraietatik, egokitzen denari helduz

Nerea Uranga 2022ko api. 14a, 09:00

Javier Beristain. (Argazkiak: utzitakoak)

Musikazalea izanda, baina musika egiten jakin gabe, musikariak inguruan dituela bizi izan da Javier Beristain (Azkoitia, 1953). Argazkilaria afizioz eta ofizioz. Barrenak aginduta, berriz, era askotako elkarteetan eta herri mugimenduetan ibili da azkoitiarra, eta dabil.

Aitona, aita eta semeetako bat musikariak eta musikagileak ditu Javier Beristainek: Candido Beristain Agirre trikitilaria zena "attitte"; Candido Beristain Larrañaga musikaria eta konpositorea zena "aitte"; eta semeetako bat Joseba Beristain konpositorea. "Ni, berriz, hor erdian. Musika ez dakit ezer, zero; baina oso musikazalea naiz, musikarik gabe ia bizitzen ere ez nuke asmatuko. Baina jakin-jakin ez dakit ezer, ezta nire anaiak ere. Hark, ordea, musika kontuan piloa daki, garai batean Loiola irratian anaiak eta beste lagun batzuk La caja de musica saioa egiten zuten", kontatu du Beristainek.

Etxean musikariak izan arren, musika ikastera ez zuten bultzatu haiek, hala esan du: "Orduan ikasi egin behar zela esaten ziguten etxean, eta eskolan ikasi egin behar zelako ez genuen musikarik ikasi, eta gero, eskolan ikasi ere ez. Gure aita biguna zen, hark ez zuen errietarik egiten. Saiatu zen gu musikan hasteko tentatzen, hasiera eman zion, baina hura ez zen jardutekoa. Musika ez ikasi izanaren damu hori badaukat. Batzuek diote behin ere ez dela berandu, baina ez zait iruditzen kasu honetan hala denik". Aurrez pentsatuta ez ditu egiten gauzak Beristainek, etorri bezala hartzen dituen horietakoa da: "Oso erraietakoa naiz. Momentuan bat hala bestea egitea tokatzen da, eta egokitzen den horri heldu eta aurrera, besterik gabe".

"Aldi berean tokatu zitzaizkigun krisi ekonomikoa, krisi digitala, baita krisi erlijiosoa ere"

Musikazalea izanda, irratia edo musika entzuten denbora asko pasatzen du Beristainek. "Autoan beti irratia piztuta izaten dut, elkarrizketak-eta entzutea ere atsegin dudalako. Etxean, berriz, ordenagailuan denbora dezente pasatzen dut, beti musika jarrita". The Beatles, The Rolling Stones, Pink Floyd, Queen... taldeak ditu gustuko. Eta euskal musikarien artetik hiru ditu "ezinbestekoak": Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Xabier Lete.

Analogikotik digitalera

Musikazalea bakarrik ez, argazkilaritza zalea ere beti izan da. Afizioa ofizioa egindakoa ere bada. 20 urte zituenetik dabil argazkiak ateratzen; bere kabuz hasi zen. "Nire erara argazkiak ateratzeneta nenbilela, Azpeitian argazki elkarte bat sortzera zihoazela esanez etorri zitzaizkidan, eta han hasi nintzen; Azpeitiko Argazki Elkartearen sortzaileetako bat naiz. Astero elkartzen ginen. Garai hartan, diapositiba asko erabiltzen genuen, eta elkartean proiekzioak egiten genituen; elkarren lanak ikusi eta zer gustatzen zitzaigun eta zer ez komentatzen genuen. Argazki lehiaketak ere antolatzen genituen ordurako".

Ondoren, lan egiten zuen enpresa itxi egin zen, eta bizimodua aurrera ateratzeko, argazkilaritza hartu zuen lanbide: "Orduan zerbait egiten baldin banekien, argazkiak ateratzen zen, eta argazki denda eta estudioa ireki nituen Plazaberrin". Hogei bat urtean jardun zuen lanbide horretan, baina krisiak tarteko, erretiroa hartzeko adinaren aurretik itxi zuen negozioa. Batik bat argazkilaritzaren digitalizazioak erauntsi zioten ordura arteko argazki dendei. "Aldi berean tokatu zitzaizkigun krisi ekonomikoa, krisi digitala, baita krisi erlijiosoa ere. Ez dakit zenbat argazki-bobina errebelatzetik bakar bat ere ez errebelatzera pasatu ginen bat-batean, eta inguruko argazki laborategi on asko itxi egin zituzten. Krisi ekonomikoaren eta erlijiosoaren ondorioz, ezkontzak ere asko jaitsi ziren. Dena batera tokatu zen, eta ez zuen merezi andrea eta biok hilabetero hain gutxi irabazten egotea. Ondorioz, denda itxi egin genuen. Atzera nire bizitzak itzuli osoa eman zuen, eta afizioari segitu nion, naturan-eta argazkiak ateratzeari".

Digitalizazioak, ordea, alde onak ere ekarri ditu Beristainen ustez. "Aldaketa handia ekarri du digitalizazioak. Esaterako, egun argazki piloa egiten da, asko, eta batzuk dira txar-txarrak eta beste batzuk oso onak, lehen lortzen zirenak baino hobeak ere bai. Teknologiak erraztasunak ekarri ditu, irudiak txukuntzeko programa informatikoek-eta asko laguntzen dute".

Gaur egun, argazkilaritzako blogak edo webguneak ditu, eta hainbat sare sozialetan ere ibiltzen da. Blogetako batean berak egindako argazkiak jasotzen ditu, eta bestean, handik eta hemendik jasotako Azkoitiko eta Azpeitiko irudiak. Iraurgi zuri-beltzean bloga da bigarren hori: iraurgizuribeltzean.blogspot.com. "Ordenagailuan zerbaiten bila nenbilen batean, Azkoitiko argazki bat ikusi nuen, polita iruditu zitzaidan eta gordetzea erabaki nuen. Gero, ahal nuen neurrian, Azkoitiari lotutako argazkiak jasotzea pentsatu nuen, eta denak batera jartzea. Azpeitiko irudi asko zegoela ere jabetu nintzen; piloa, Loiolakoak. Denak batera biltzea merezi zuela pentsatu eta bloga sortu nuen. Lau urte-edo pasatu ditut Internet arakatzen".

Blogean eransten zituen argazkiak, ordea, azalpen testutxoren bat eduki behar zutela pentsatuta, euskara ikasten hasi zen Beristain AEKn. "Euskaraz hitz egiten jakin arren, ez nintzen gai ikusten euskaraz idazteko, eta ez nuen nahi gaztelaniaz idaztea. Horregatik, jubilatu orduko, AEKn hasi nintzen euskara ikasten. Lau ikasturte egin nituen".

"Inguruko tokietatik Aittola gustatzen zait gehienbat, pago gehienak-eta han daude"

Argazki denda itxi zuen arren, argazkiak ateratzen jarraitu du Beristainek, baina ez da beti kamera gainean ibiltzen duenetakoa. Hala ere, mendira irteten duenetan "beti-beti" eramaten ditu motxilan kamera eta objetiboak, eta baditu txoko gogokoak, kutunak. "Hemen ingurutik Aittola gustatzen zait gehien, pago gehienak-eta han baitaude. Samino ere polita da. Izarraitz aldea, berriz, ez dakit zergatik, baina gutxiago gustatzen zait".

Argazkiak "zientoka" egindako hiru toki dauzka: Aittola aldea, Getariako portua eta Sakoneta. "Horiek dira hemen inguruko hiru toki politenak, eta zaindu behar liratekeenak. Sakoneta bera ederra da, baina begira jarriz gero, zabor asko ikusten da. Horrela egotea pena da, baina jendeak gauzak edonora botatzen dituelako da hori. Antzekoa pasatzen da Aittolan ere".

Saltsa desberdinetan

Kezka sortzen dien kontuek eta gaiek eraginda herri mugimenduetan parte hartzera eraman dute azkoitiarra: "Beti izan naiz ni pixka bat saltseroa". Floreaga ikastetxeko guraso elkartean ibili zen aurrena: "Gure mutilek han ikasi zuten eta". Aizbe argazki denda zeukan artean, berriz, Azkoitiko eta Azpeitiko dendarien elkartea zen UEMEren (Urola Erdiko Merkatarien Elkartea) lehendakaria izan zen. Jubilatu denetik, berriz, Azkoitiko Gure Esku Dagon, Egoitza Kaleran eta Urola Bizirik natur taldean ibili da. "Jubilatuta, egun osoa neukan nik nahi nuena egiteko, eta AEK utzi nuenean, Gure Esku Dagon hasi nintzen buru-belarri". Erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz herrian egindako hainbat ekintza "oso-oso hunkigarriak" izan direla uste du: "Herri galdeketa, esaterako". Gure Esku herri mugimenduan, baina, izurriak eragin kaltegarria izan du haren arabera: "Jendearen ilusioa hustu egin da, eta orain dena berriro puztu beharra dago. Gertu dago Pirinioetako Bidea ekimena, azkoitiarroi hurbileko mendi bat argiztatzea egokituko zaigu, eta ea zer irteten duen".

Gertuko esperientzia batek eramanda hasi zen Egoitza Kalera mugimenduan. "Zahartzen ari garen eran, kontu horiekiko sentsibilizazioa areagotu egiten da. Horrez gain, 2020an hil zen gure izeba batek lau urte pasatu zituen San Jose egoitzan. Hango kontuak nola ziren ezagutu egin nuen, eta Egoitza Kaleran hasi nintzen. Azkoitian bizitzen eta lanean bizi osoa eraman dutenek ez dute merezi baldintza horiek dituen egoitza batean egotea. Egoitza toki ederrean dago, baina han goian daude, aire libreko kartzela batean bezala. Hara sartzen zaituzte, eta handik kalera etortzeko ez daukazu ia aukerarik; alferrik esango dute igogailua jarriko dutela, alferrik autobusa ipiniko dutela... Gu harri-harri eginda gaude udalak kontu honetan daukan portaerarekin; herrian egoitza hartuko duen eraikinik eta dirurik ez dagoela dio. Ez dugu eskatzen berehala egoitza hartzeko etxe bat egiteko herrigunean. Guk eskatzen duguna da aukerak aztertzen hasteko; bada ere, eguneko zentroa herrigunean jartzeko aurrena, eta gainontzekoak nola ekarri aztertzeko gero".

Gertuko esperientziak Egoitza Kalerarekin bat egitera bezala, argazkilaritzak eraman du Beristain Urola Bizirik natur taldean murgiltzera. "Argazkiak ateratzerakoan, salaketa argazki bat egitea nahi ez baduzu, edertasunaren bila joaten zara, eta mendian edota kostaldean gauza zatar asko ikusten dira. Horrek kezkatuta hasi nintzen Urola Bizirik taldean. Egun, gainera, oso proiektu polita dugu Munoaundin".

Batean eta bestean, aspertzeko betarik gabe bizi da Beristain: "Loiolara-eta pasieran joateko astia ere edukitzen dut eta". Berak azaldu bezala, unean-unean egokitutako horri heldu eta aurrera egiten du, erraietatik ateratakotik biziz.