Hamahiru urteko etenaren ostean, 'Urtu aurretik' poesia liburua kaleratu du Xabi Bordak

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 21a, 16:19
Xabi Borda, liburuaren aurkezpenean. (Armiarma)

Azkoitiko bizilagunak Susa argitaletxearekin plazaratu du 44 olerki biltzen dituen lana. Eguneroko bizimoduari darion ezegonkortasuna da poemak biltzen dituen hari nagusia. 

Xabi Borda Azkoitiko bizilagunak hamahiru urte zeramatzan libururik argitaratu gabe, baina amaiera jarri dio eten horri: hain zuzen ere, Urtu aurretik (Susa) poesia liburua aurkeztu du gaur, Poesiaren Nazioarteko Egunean, Donostian. Lan horretan, baina, ez du azken hamahiru urteotan idatzitako poemen bilduma osatu; batez ere, azken urtean idatzitako olerkiak bildu ditu, nahiz eta liburura ondo egokitzen diren aspaldiko olerkiren bat edo beste ere erreskatatu dituen.

Eguneroko bizimoduari darion ezegonkortasuna da liburuko olerkiak biltzen dituen hari nagusia. "Hori izango da liburuko zain inportanteenetakoa: ezer ziurtatuta, bermatuta, ez dagoen ingurune batean sentitzea, eta ez ulertzea nola iritsi zaren horraino". Koronabirusa, ixten ari diren enpresak edota klima aldaketa dira, besteak beste, poemetan presente dauden gaiak. Dena den, esperantzari ere zabaltzen zaio bidea.

Lau ataletan banatuta daude liburuko 44 poemak: Iglua tantaka, Hozkailu matxuratua, Hego haizea poloan, eta Glaziar berrien erditzea. Idazleak hainbat aurkezpen errezitaldi egingo ditu Felipe Murillo musikariarekin batera; hitzak eta hotsak nahastuta liburuko poema batzuk irakurriko dituzte jendaurrean. Apirilaren 21ean Azpeitiko Dinamoan izango dira; maiatzaren 5ean, Bilboko Biran; maiatzaren 6an, Iruñeko Zaldikon; eta maiatzaren 19an, Zarauzko Garoa liburu dendan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide