Aurrera doaz Txerloiako tenis pista estaltzeko lanak

Andoni Elduaien 2022ko mar. 21a, 16:00
Lanean jarraitzen dute langileek tenis pistan.

474.986 euroko aurrekontua dute lanek, eta udalak uda aurretik amaitzea aurreikusten du. Langileek azaldu dutenaren arabera, teilatua nahiz estalpearen hegalak ixtea falta dituzte oraindik lan handienak amaitzeko.

Aurrera jarraitzen dute Txerloiako tenis pistak estaltzeko lanek. Duela hogei egun, martxoaren 1ean, hasi zituzten lanak Txerloian eta han dauden hiru pistetako bat estaliko dute, hain zuzen ere, GI-631 errepidearen beste aldean dagoen pistan. 36x18 metroko dimentsioa du pistak, eta orotara, 650 metro koadroko azalera. Pista hori estaltzeko lanek 474.986 euroko aurrekontua dute, eta udalak uda aurretik amaitzea aurreikusten du.

Egur laminatudun egitura ari dira jartzen tenis pistaren bueltan, eta panel konposatuarekin estaliko dute pista. Itxitura, berriz, beirazkoa eta zulatutako xaflazkoa izango da. Udalak azaldu duenez, erakundea Txerloia tenis klubarekin harremanetan egon da estalduraren diseinua eta ezaugarriak adosteko. Gainera, udalak aurreratu duenez, pistaren sarrera lekuz aldatuko dute irisgarritasuna bermatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide