Pelotai Eune 2022

Eman daiteke izena VI. Pelotai Euneko pilota txapelketan

Andoni Elduaien 2022ko mar. 19a, 09:44
Kontzejupeko pilotalekuan jokatuko dituzte txapelketako partida guztiak.

Ekainaren 18an ospatuko du Azkoitiko herriak VI. Pelotai Eune, baina eman daiteke izena aurrez jokatzen den pilota txapelketan. Binaka jokatuko da aurten ere txapelketa, eta izen ematea zabalik egongo da apirilaren 10era arte.

Aurten itzuliko da Pelotai Eune Azkoitira. Ekainaren 18an ospatuko dute Azkoitian pilota eta jaia uztartzen dituen eguna. Beste behin Kontzejupeko pilotalekuaren bueltan elkartuko dira herriko pilotazaleak egun horretan, baita hura iritsi baino lehen ere.

Binakako pilota txapelketa antolatu dute Pelotai Euneren antolatzaileek, eta eguna iritsi baino lehen jokatuko dituzte txapelketaren aurreko fase eta kanporaketa gehienak. Pilota txapelketarako izen-ematea ireki dute dagoeneko; apirilaren 10era bitartean, Azkoitiko Latz, Dean eta Tta-kun tabernetan eman ahalko dute izena herritarrek.

2015. urtean antolatu zuten lehenengoz Pelotai Eune, herrian "sustraituta" dagoen kirolari "bultzada" emateko asmoz. Aurten seigarren aldiz ospatuko dute eguna. Antolatzaileek datozen asteetan emango dute txapelketaren gaineko informazio guztia, baita Pelotai Euneri lotutako ekintza guztien berri ere. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide