'Aupa!' lelo hartuta, hemen da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Julene Frantzesena 2022ko mar. 18a, 11:00
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren 2022ko edizioaren aurkezpenean izan ziren kideak. (Eli Aizpuru)

Dagoeneko 630 lagunek eman dute maratoi erdirako izena, eta 150 lagun pasatxok zortzi kilometroko probarako. Oraindik ere zabalik da izen ematea; datorren ostegunean itxiko da. Probaren sustatzaileek, boluntarioek nahiz babesleek maratoi erdiaren izaeran egin dute azpimarra, kirol probaz haratago, festa eguna ere badelako.

Aupa! lelo hartuta iritsiko da Azpeitia-Azkoitia maratoi erdia hilaren 26an, larunbatez, eta hain zuzen ere, leloa eta omenduen –Diego Garcia eta Alejandro Gomez zirenak– oroimena gogoan hartuta egin zuten atzo aurtengo lasterketaren aurkezpena Azpeitiko Loiola hotelean. Agustin Jimenez lasterketaren antolatzaileak azaldu zuenez, azken bi urteetan "gaizki" pasatu duten herritarrei egiten die erreferentzia lelo horrek. "Gertukoak galdu dituztenek penak ahazteko balio dute halako kirol ekintzek, horiei egunerokotik irteteko aukera ematen dietelako halakoek".

Haren hitzetan, "lasterketa baino gehiago" da Azkoitia-Azpeitia, balioak "zehaztuta" dituen lasterketa delako. "Diego Garcia ez dugu nahi ahaztu, ezta bere izaera ere, ziur baikaude pandemia bizi izan balu denak animatzen egongo lizatekeela". Horregatik, aurtengoan ere, lasterketak ohikoa duen esentzia ekarriko du Azpeitira eta Azkoitira hilaren 26an, nahiz eta egoera tarteko, ez duten egingo lasterketaren bueltako bestelako ekintzarik aurtengoan.

Izen ematea zabalik

Astebete eta egun bat baino ez da falta Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako, eta dagoeneko ehunka lagunek izena eman badute ere, bada horretarako aukera oraindik ere. Gaur-gaurkoz, 630 lagunek eman dute izena maratoi erdirako, eta 150 lagun pasatxok lasterketa motzerako, zortzi kilometrokorako. Dena den, oraindik ere bada bi lasterketa horietan izena emateko aukera, hilaren 24ra, ostegunera, arte.

Dagoeneko aurreratu dute aurtengo maratoi erdian parte hartuko duten punta-puntako korrikalarien zerrenda. Hain zuzen ere, besteak beste, aurtengo lasterketan gizonen artean izango da Thomas Ayeko ugandarra –bigarren aldiz izango da Azkoitia-Azpeitia– eta Chuchu Abebe nahiz Setegn Muli etiopiarrak, baita beste bederatzi lasterkari afrikar ere. Haiez gain, David Fernandez eta Mourad Mounim korrikalari espainiarrek ere parte hartuko dute. Emakumeen artean, nazioarteko korrikalariak erakartzea "zailagoa" dela aitortuta, aurtengoan eliteko Afrikako bost kirolari izango dira maratoi erdian: Emebet Niguse, Anchinalu Dessie, Calorine Jebet, Kalidan Fentie Aynadis Mebratu eta Laura Mendez.

Antolatzaileen arabera, lasterketa "erakargarria eta azkarra" da Azkoitia-Azpeitia, eta herritarrentzat ere halaxe da. Agustin Jimenez probaren antolatzailearen arabera, "ez gara jabetzen dugunarekin". Dena den, hark azaldu duenez, aurtengoan ezin izan dute azken urteetako maila mantendu. "Lasterketak goi mailako markarik ez badu, federazioek ez diete nazioarteko kirolariei horietan parte hartzen uzten, baina beste zigilu bat lortu berri dugu –Road Race Lebel–, eta hori garrantzitsua izango da gure lasterketa eliteko kirolarientzat erakargarri egiteko".

Aurtengoan ere hainbat sari banatuko dituzte. Maratoi erdiko nahiz lasterketa herrikoiko lehen hiru sailkatuek ez ezik, beste sari batzuk ere izango dira. Batetik, handbikeko Jone Basterra saria ere jokatuko dute hilaren 26an. Bestetik, gainera, Laboral Kutxak babestuta, emakumeen saria banatuko dute, eta aurkezpenean izan zen Jenni Orbegozo Azpeitiko bulegoko zuzendaria. Haren arabera, "bi herri batzen" dituen lasterketa da maratoi erdia, beste gauza askoren artean, eta Laboral Kutxak probaren balioekin bat egiten duela esan zuen. Izan ere "berdintasuna, festa eta poza" uztartzen ditu festak, hark esan zuenez. Horren gain, Gipuzkoako Txapelketa ere jokoan izango da aurtengo proba nagusian, eta dagoeneko 25 kirolari izena emanda daudela aurreratu dute maratoi erdiaren sustatzaileek.

Festa eta gehiago

"Aurtengoa berezia izango da". Hala adierazi du Jimenezek; izan ere, ohikoa denez, aurtengoan ere Diego Garcia zenari omenaldia egingo diote lasterketaren hasieran, baita iaz hil zen Alejandro Gomezi ere. Gainera, duela bi urteko maratoi erdian banatu behar zituzten kamisetak eta poltsak banatzeko baliatuko dute aurtengo edizioa, bi atleten oroimenez. Carmen Gaciak, Diegoaren arrebak, azaldu zuenez, izugarria da anaia oroitzen jarraitzea, hil zenetik 21 urte pasatu badira ere. "Guretzat hori da lasterketa, eta oso polita da hainbeste urteren ostean anaiaz oroitzea".

Atzoko aurkezpenenean, lasterketa haratago, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia festa ere badela azaldu zuten agerraldian elkartutako ordezkariek. Jesus Gutierrez Gipuzkoako Foru Aldundiko kidearen hitzetan, "eskertzekoa" da antolakuntza taldeak egiten duen lana. "Lasterketaren leloa, Aupa!, aproposa da; izan ere, animo hitzaz haratago, elkartasun hitza ere bada". Hark azpimarratu zuenez, aipatzekoa da antolatzaileek adin guztietako korrikalariek parte hartzeko egiten duten ahalegina. "Pozgarria eta zoragarria da urtero lasterketara joatea eta hainbeste emakume korrika egiten ikustea; lasterketa baino festa izaten da".

Angel Martin Azkoitiko Kirol zinegotziak, berriz, esker hitzak izan zituen antolatzaileentzat nahiz boluntarioentzat, eta Azkoitiko Udala laguntzeko "beti prest" izango dela adierazi zuen. Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak ere ildo beretik hitz egin zuen, azpimarra bat eginez: "Inklusioaren alde eta hori ikusgarri egiteko egiten den lana azpimarratu nahi dut. Are gehiago, lasterketa garrantzitsua da herriarentzat nahiz eskualdearentzat. Nahiz eta Azkoitia eta Azpeitia askotan elkarren aurka ari garela dirudien, elkarrekin ari garela erakusten du probak".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide