Emakumeek idatzitako liburuen Geure Gelatik azoka egingo dute apirileko lehen egunetan

Andoni Elduaien 2022ko mar. 11a, 15:25

Hiru eguneko azoka antolatu dute Maxixatzen elkarteak eta udalak. (Pixabay/Hermann)

Azoka apirilaren 1etik 3ra bitartean egingo dute Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Emakume idazle bati aitortza, liburu aurkezpenak eta testu irakurketak egingo dituzte apirileko hiru egun horietan.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin, Geure Gelatik liburu azoka antolatu du. Emakumeek literaturan, kulturan, eta oro har, liburugintzan egiten duten ekarpenari balioa emateko eta lan hori guztia agerian jartzeko asmoz antolatu dute azoka. Iaz ziren egitekoa azoka, baina pandemia tarteko, atzeratu egin behar izan zuten orduan.

Lehen ere antolatu izan du Maxixatzenek Geure Gelatik liburu azoka, lau urtetan, hain zuzen. "Proposamena ikusita udaletxera laguntza eske etorritakoan, ez genuen zalantzan jarri. Berdintasun arlotik uste dugu oso ekimen aproposa dela emakume sortzaileak ezagutarazteko, eta nola ez, herritarrak irakurketara gerturatzeko nahiz liburu on bat irakurtzearen plazerraren kontzientzia hartzeko", azaldu du Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak.

Azoka apirilaren 1etik 3ra egingo dute, ostiral arratsaldean hasi eta igande eguerdira bitartean. Euskal literaturari izena eta izana eman dioten idazleek parte hartuko dute. Hain zuzen ere, Elkar, Susa, Alberdania, Txalaparta, Pamiela edota Erein argitaletxeek ateratako azken lanen inguruan sakontzeko parada eskainiko du Geure Gelatik azokak.

Elkarguneko Herriko plaza aretoan jarriko dituzte argitaletxeek postuak, eta bisitariek azken berritasunak eskura eta bertatik bertara izango dituzte. Egitaraua aurrerago jakinaraziko dute bi aldeek. Hala eta guztiz ere, aurreratu dituzte zenbait ekintza. Hala, apirilaren 1eko arratsaldean, aitortza egingo diote emakume idazle bati; apirilaren 2an, liburu aurkezpenak egingo dituzte; eta apirilaren 3an, emakumeek idatzitako liburuetatik aukeratutako testuen irakurketak egingo dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide