'Autokontsumoa eta komunitate energetikoak industria sektorean' jardunaldia izango da martxoaren 17an Intsausti jauregian

Anartz Izagirre 2022ko mar. 11a, 10:43

Intsausti jauregian izango da Iraurgi Berritzenen jardunaldia.

Iraurgi Berritzen garapen eta berrikuntza agentziak antolatu du saioa, eta eskualdeko industria enpresei nahiz produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu enpresei zuzendurik dago. Aurrez aurre jarraitu ahal izango da saioa, eta dagoeneko eman daiteke izena.

Datorren ostegunean, martxoak 17, Autokontsumoa eta komunitate energetikoak industria sektorean jardunaldia izango da Intsausti jauregiko lehen solairuan. Iraurgi Berritzen garapen eta berrikuntza agentziak antolatu du saioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, eta eskualdeko industria enpresei nahiz produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu enpresei zuzendurik dago. Aurrez aurre izango da jardunaldia.

Iraurgi Berritzeneko kideek nabarmendu dutenez, saioaren helburua Urola Erdiko enpresetan autokontsumoaren eta energia komunitateen inguruko informazioa, ezagutzak edota esperientzia partekatzea da. Jardunaldian kasu arrakastatsuak izan dituzten enpresetako ordezkariek parte hartuko dute, eta horien artean izango da Urola Erdiko Energia Mahaiaren ordezkaritza ere, energia berriztagarrien inguruan landu duten proiektu bat aurkezten. Saiora joaten diren enpresetako kideek tarte bat izango dute beraien zalantzak argitzeko eta galderak egiteko.

Ekintza hori Iraurgi Berritzen enpresen arloan lantzen ari den Ikasiz programaren barrukoa da, eta eskualdeko hainbat enpresatako ordezkariek osatzen duten Enpresa Gunearen barruan jasotako proposamenekin definitutako programa da. 

Jardunaldian aurrez aurre parte hartu nahi dutenek info@iraurgiberritzen.eus helbide elektronikora idatzi behar dute izena emateko, edo, bestela, 943-85 11 00 telefono zenbakira deitu.