2022ko martxoaren 8a

'Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki' lelopean, elkarretaratzea egin dute plazan

Ane Olaizola 2022ko mar. 8a, 18:58

Urola Erdiko Itaiak deituta, dozenaka lagun elkartu dira plazan. Emakumeenganako "jazarpenak forma berriak" garatu baditu ere, "bere horretan" mantentzen dela azpimarratu dute deitzaileek, eta "komunismoa" helburu duen eta emakumeen problematikak "lehen lerroan" egongo diren antolakuntza politikoaren alde egin dute deitzaileek.

Martxoak 8arekin batera, Urola Erdiko Itaiak elkarretaratzea zuen deituta gaurko, eta herritar ugarik egin dute bat mobilizazioarekin. 18:30ak jotzearekin batera, herriko plazan elkartu dira dozenaka lagun, eta Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki! lelopean egin dute bilkura.

"Egiturazko langabezia, lan baldintza txarrak, gure gorputzak saltzera behartuak, zaintza lanen zama, etengabeko erasoak, erailketak, gure itxurarekiko obsesioa, gutxiespenak..." Emakumeek bizi duten "zapalkuntzaren adibide batzuk besterik ez" direla salatu dute deitzaileek elkarretaratzearen amaieran, eta emakume langileenganako jazarpenak "forma berriak" garatu baditu ere, "bere horretan" mantentzen dela azpimarratu dute.

Bestalde, agintariek hainbat zerbitzu "pribatizatu" egin dituztela azpimarratu du Itaiak, eta osasun baliabideak murriztearen eta zaintzaren arloan "gizatasuna" kentzearen ondorioz, horiei dagozkien lan kargetako "asko" emakumeen gain eroriko dela azaldu dute.

Era berean, azpimarratu dute emakumeen hipersexualizazioak haien zapalkuntza indartzen duela: "Sexu industriak sortzen dituen etekin ekonomikoez gain, komunikabide, sare sozial, zein reality-ek emakumeon muturreko sexualizazioa erreproduzitzen dute. Horrek ondorio lazgarriak ditu gure egunerokoan: depresioa, gure gorputzekiko mespretxua, antsietatea... Eta era berean, indarkeria matxista normalizatzen dute". Horren aurrean, emakumeak askatzeko "aukera bakarra" estatu sozialista eraikitzea dela azaldu dute. "Guztiok bizi baldintza berak izango ditugun eta aberastasunaren fruituak denon eskura izango diren errealitatea, hain zuzen ere". Bide horretan, "komunismoa" helburu duen "antolakuntza politikoa" gorpuztearen beharra azpimarratu dute antolatzaileek, "emakume langileon problematikak lehen lerroan egongo diren eta beraz, emakumeok sozialismoaren eraikuntzan arituko garen antolakuntza politikoa eraikiz".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide