2022ko martxoaren 8a

Berdintasun politikak indartzeko konpromiso "irmoa" adierazi du Azkoitiko Udalak

Julene Frantzesena 2022ko mar. 8a, 13:02

Azkoitiko Udaleko zinegotziak 'Emakumeen oroimenez' eskulturaren aurrean.

Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak Emakumeen oroimenez eskulturaren aurrean elkartu dira gaur, berdintasunaren aldeko aldarriarekin bat egiteko eta aldarri hori lau haizetara zabaltzeko. Halaber, udalak bertso saio musikatua antolatu du iganderako, eta ostirala bitartean herriko ikastetxeetako ikasleek egindako kartelak ikusgai izango dira Azoka Plazan.

Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak Emakumeen oroimenez eskulturaren aurrean elkartu dira gaur, berdintasunaren aldeko aldarriarekin bat egiteko eta aldarri hori lau haizetara zabaltzeko. Udalak azaldu duenez, Martxoaren 8a emakumeei historikoki "usurpatu" zaizkien eskubideak aldarrikatzeko eguna da, baita eskubide horien aldeko borroka gogora ekartzekoa ere.

Erakundeak berdintasun politikak indartzeko konpromiso "irmoa" duela adierazi du. "Emakumeen eta
gizonen berdintasuna, giza eskubidea izateaz gain, demokrazian sakontzeko eta euskal gizarte kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta sozialki eta ekonomikoki jasangarriagoa eraikitzeko behar estrategikoa dela sinetsita dago udala".

Bertso saioa eta erakusketa

Martxoaren 8aren harira bertso saioa antolatu du Azkoitiko Udalak. Emanaldia igandean izango da, 18:00etan hasita, Floreaga Ikastetxeko On Bosco aretoan. Maddalen Arzallus, Alaia Martin, Julene Iturbe eta Oihana Iguaran bertsolariak izango dira agertokian Ez da kasualitatea saioan, eta Eresti Oiarbidek egingo ditu gai-jartzaile lanak. Gainera, saioa musikatua izango da, eta bertsoak doinuz laguntzeaz Gari Otamendi eta Araitz Bizkai arduratuko dira. Sarrerak ostirala bitartean erosi ahal izango dira, zortzi euroren trukean, Azkoitiko Udalaren webgunean edo udaletxeko Kultura Sailean –09:00etatik 14:00etara izango da zabalik–.

Bestalde, Azkoitiko ikastetxeetako haurrek eta gaztetxoek egindako kartelen erakusketa ikusgai izango da Azoka Plazan, ostirala bitartean.