Jende ugari, Gontzal Mendibilen eta Iraurgi abesbatzaren emanaldian

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 6a, 20:02

Gontzal Mendibilen eta Iraurgi abesbatzaren doinuek jendez bete dute parrokia gaur arratsaldean. 18:00etan hasi da emanaldia, eta aurreneko abestiak Mendibilek eta haren musikariek eskaini dituzte. Ondoren batu dira Iraurgi abesbatzako kideak, eta hainbat pieza abestu dituzte elkarrekin. 

Musikaz bete da gaur Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokia; izan ere, Parrokiak eta Azkoitiko Udalak antolatuta, Gontzal Mendibilek eta Iraurgi abesbatzak kontzertua eskaini dute elkarrekin. Emanaldia 18:00etan hasi da, eta altarera igotzen aurrenak Mendibil, Maddi Otamendi, Angel Unzu, Jose Luis Canal eta Iñaki Dieguez izan dira. Hainbat abesti eskaini ostean batu dira emanaldira Iraurgi abesbatzako kideak, eta hainbat abesti eskaini dituzte elkarrekin. Iñaki Maidagan aritu da Iraurgi abesbatza zuzentzen. Jende ugari bertaratu da emanaldira, eta jendez bete dira parrokiako eserlekuak kasik atzeraino. 

Parrokiak eta udalak antolatu dute emanaldia, garizuma asteari modu berezian hasiera emateko. Kontzertuan zehar San Juan Gurutzekoaren poema euskaratu eta musikatuak kantatu dituzte, besteak beste. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide