Julen Alberdi 'Txikia V'.a eta Suharri Rodriguez nagusi, Binakako Aizkolarien Txapelketan

Julene Frantzesena 2022ko mar. 6a, 20:04

Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu dute lehia, harmailetan dozenaka zale zirela. Lau bikote aritu dira nor baino nor Urrezko Aizkolarien Txapelketan, eta Txikia V.ak eta Rodriguezek aise lortu dute txapela. Emakume aizkolarien nahiz emakume zein gizon harri-jasotzaileen txapelketetako finalak ere izan dira gaurkoan.

Ezustekorik ez da izan gaur Egur Sportek antolatutako herri kirol txapelketen finaletan: Julen Alberdi Txikia V.a azkoitiarrak eta Suharri Rodriguezek irabazi dute Urrezko Binakako Aizkolarien Txapelketa. Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu dute lehia, 12:00etan hasita, eta harmailetan dozenaka zale zirela. Kirolariek ez dute hutsik egin; izan ere, lehia ederra osatu dute.

Lau bikote aritu dira nor baino nor. Hainbat enbor ebaki behar izan dituzte kirolariek, eta denborarik onena Txikia V.ak eta Suharri Rodriguezek lortu dute, lanak 25 minutu eta 55 segundotan gauzatuta. Bigarren sailkatu dira Ugaitz Mugertza Mugertza II.a eta Julen Gabirondo, lanak 27 minutu eta 6 segundotan bukatuta, eta hirugarren, berriz, Joxean Etxeberria eta Patxi Mindegia izan dira (28:07). Laugarren postuan Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia Basozabal izan dira, lanak egiteko 30 minutu eta 56 segundo behar izan baitituzte.

Beste final batzuk ere bai

Gizon aizkolariena ez da izan gaur Azpeitian jokatu duten bakarra. Izan ere, Emakumeen Binakako Aizkolari Txapelketaren, Urrezko Harri-jasotze Txapelketaren eta Emakumeen Harri-jasotze Txapelketaren finalak ere jokatu dituzte.

Emakumeen Txapelketan bi bikote aritu dira nor baino nor: Nerea Sorondok eta Nerea Arrutik Laiene Pikabea eta Irati Astondoa izan dituzte aurrez aurre. Bi lan egin behar izan ditu bikote bakoitzak, eta horiek bukatzen aurrenak Sorondo eta Arruti izan dira; 11 minutu eta 40 segundo behar izan dituzte. Pikabeak eta Astondoak, ostera, 13 minutu eta 04 segundotan bukatu dituzte lanok.

Hirugarren final bat ere jokatu dute gaur Azpeitian. Hain zuzen ere, Urrezko Harri-jasotze Txapelketako finala ere izan da. Mikel Lopetegi Urra, Beñat Telleria eta Xabat Olaizola lehiatu dira, eta lan guztiak eginda, Urra gailendu da. Zarauztarrak 77 jasoaldi egin dizkie zilindro zaharrari, kubikoari eta bolari. Telleriak, berriz, 68 altxaldi egin ditu, eta Olaizola zarauztarrak, 63.

Bestalde, eta herri kirol jaialdia borobiltzeko, Emakumeen Harri-jasotze Txapelketako finala jokatu dute sei kirolarik, hiru mailatan banatuta. Maila nagusiko finala Zelai III.ak irabazi du, indarrak Lucia Orberen kontra neurtuta; 61 eta 56 jasoaldi egin dituzte bi kirolari horiek, hurrenez hurren. Berrien mailan, berriz, Lur Errekondo nagusitu da, eta Lierni Osa zarauztarra izan da azpitxapelduna; horiek 66 eta 56 jasoaldi egin dizkiete harriei. Azkenik gazteen mailako finala izan da, eta Udane Ostolaza oriotarra aise gailendu zaio Aroa Sanchezi; 56 eta 48 altxaldi egin dituzte horiek.

(Argazkiak: Ibon Errazu Uria)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide