Akordatzen

Xipri Larrañaga musikaria, besteak beste, Los Xey taldean

Nerea Uranga 2022ko mar. 6a, 14:27
Xipri Larrañaga, 2008. urtean Gasteizen. (Zaldi Ero)

Nerea Uranga kazetariak Los Xey taldearen inguruan Maxixatzenen 2022. urteko otsaileko alerako egindako erreportajea da honakoa.

La vaca lechera, Maite, Menudo menu... Abesti entzutetsu asko egin zituen orain dela sei hamarkada bere jarduna utzi zuen Los Xey taldeak. 1941. urtean Donostian sortu zuten musika talde hura Easo abesbatzako sei kidek: Victor Garciak, Guillermo Lazkanok, Txomin Arrasatek, Xabier Olaskoagak, Alfredo Txiki Lahuertak eta Pepito Iantzik. Urte batzuren ondoren, kide batek edo bestek taldea utzi zuen, eta beste batzuek hartu zuten haien lekua. Besteak beste, Arrasateren tokian Xipri Larrañaga (Azkoitia, 1918-Gasteiz, 2010) musikaria batu zen taldera. Larrañaga arduratu zen taldearen musika zuzendaritzaz, abestien moldaketez eta garai hartan oso ezagunak egin ziren irratirako hainbat iragarki egiteaz.

Los Xeyk ibilbide oparoa izan zuen, eta Euskal Herritik kanpo, Espainian, Katalunian, Frantzian, Alemanian nahiz Amerikako hainbat herrialdetan (Estatu Batuetan, Argentinan, Txilen, Kuban, Venezuelan eta Mexikon) ibili ziren, arrakastaz arrakasta. Hainbat disko ere grabatu zituen taldeak: El reloj del abuelo, Jalisco nunca pierde eta Los de Amaika, esaterako. Baita filmetan parte hartu ere: Historias de la radio (J.L. Saenz de Heredia, 1955) eta Habanera (J.M. Elorrieta, 1959).

Los Xey taldean hasi aurretik, musikan bere ibilbidea eginda zuen Larrañagak. Haurra zela hasi zen abesten, eta bizitza osoa eskaini zion musikari. Miel A. Elustondo kazetariak Berria egunkariko Zozoen elean sortarako egindako artikuluan (2010eko abuztuaren 15ean argitaratua) jaso zuen azkoitiarraren kontakizuna. Larrañaga tiplea izan zen Azkoitiko parrokiako koruan, eta bertan ikasi zuen solfeoa, "garai hartako organistaren ondoan". Klarinetea ere jotzen zuen herriko bandan. "Solfeatzen ondo ikasi nuen eta horrek salbatu nau ni. Inork ez zidan erakutsi", azaldu zion hark Elustondori.

Komertzio ikasketak egin zituen Azkoitian, eta 1940an Donostian hasi zen lanean, banketxe batean. Sei urte geroago, Easo abesbatzan sartu zen, eta sokakoen buru izendatu zuten. Abesbatza hartako jardunari esker, Euskal Herritik kanpo irteteko aukera sortu zitzaion Larrañagari: 1948an, Guridiren Mirentxu operan kantatu zuen Madrilen, eta 1949an, Europako Koruen lehiaketan parte hartu zuen Galesen, baita lehen saria etxeratu ere. Sasoi hartan, Amaya taldea eta Ereintza zortzikotea osatu zituen musikari azkoitiarrak. 1953an Amayarekin Bilbo-Lisboa-New York-Habana-Veracruz bira artistikoa egin zuen. Urte hartan bertan, boskoteak Habanan diskoa ere grabatu zuen. Arrakasta izan zuten biran, baina taldea desegitea erabaki zuten laster.

Amaya taldea desegin ondoren batu zen Los Xeyra Larrañaga, 1954an; musika taldearen hitzen eta musikaren ardura hartu zuen. Hala kontatzen du Berriako artikuluan: "Los Xeykoekin hasi nintzenean, kantatu, konponketak egin eta erakutsi egiten nien. Pepito Iantzi, konparazio baterako, ona zen soinua jotzen, baina ez zen erakustailea. Nik pianoa jotzen ez dakit, baina akordeak pianoan nola zuzen eraman ere erakutsi nien. Banekien zein akorde behar zen!".

1961ean Los Xey taldea bertan behera utzi zuten, eta Los Contrapuntos (Kontrapuntoak, euskarazko abestien disko batzuetan) taldearentzat moldaketak egiten hasi zen. Talde hartako kideetako bat zen Luis Iriondo (Azkoitia, 1931- 2017) herrikidea. Iriondoz gainera, Miguel Mari Azpiazuk, Jesus Mari Larrañagak, Pilar Forcadak eta Gonzalo Zubizarretak osatzen zuten Azkoitiko musika talde hura.

Los Xeyri buruzko dokumentalaren filmaketa, Mexikon. (Sincro ekoiztetxea)

Los Xeyren agurreko biran parte hartu zuten Los Contrapuntosekoek, eta funtzio haiek izan zuten arrakastaren berri kontatu zuen Iriondok, Imanol Murua Uria kazetariak Jakin (200. zenbakia, 2014) aldizkarirako egindako elkarrizketan. Hala zioen Iriondok: "Aste osoa egin genuen Principe aretoan [Donostia] Los Xeykoekin. Orduan, Euskadi osoan bira bat egitea erabaki zuten, eta gu haiekin. Hiru hilabetean ibili ginen: Los Xey, Pello Kirten, dantzari batzuk eta gu. Herriz herri, Euskal Herri osoan".

Los Xey taldearen ibilia bukatuta, Miranda de Ebron (Burgos, Espainia) garagardo banatzaile batentzat jardun zuen lanean hilabete batzuetan, eta ondoren, 1963an, Gasteiz hartu zuen bizileku Larrañagak. Arabako hiriburuan Mendira begira zortzikotearekin jarri zen harremanetan. Gerora, berriz, Gallur taldearentzako moldaketa lanak egiten ere jardun zuen, eta hainbat diskotan azkoitiarraren piezak jaso zituzten, besteak beste, Gasteiz, Egizko anaitasuna, Egun aundia eta Guztiok berdinak. Mirandes orfeoiaren eta La Jarana elkarteko abesbatzaren zuzendari ere aritu zen. Bere musikari ibilbidean hainbat sari ere eskuratu zituen Larrañagak: Iruñean, Gasteizen, Donapaleun, Miranda de Ebron...

Musika, euskara eta giza eskubideak oinarri zituela aritu zela kontatu zion Larrañagak Elustondori: "Nik musika ibiltzen nuen buruan, beti musika, eta beti euskaraz. Nire konposizio guztietan giza eskubideak defenditzen eta euskararen alde egiten saiatzen nintzen".

Los Xey, pantaila handira

Larrañaga parte izan zen Los Xey taldeari buruzko ikus- entzunezkoa egiten ari da Sincro ekoiztetxea, eta aurten estreinatzeko asmoa dute. Eneko Olasagasti da dokumentalaren zuzendaria eta gidoilaria, eta David Berraondo ekoizlea.

Dokumentalak sorburua Lesakako Udalak (Nafarroa) Pepito Iantziri egin zion omenaldian du. Hala azaldu du Olasagastik: "Omenaldi hartara Golden Apple Quartet-ekoak gonbidatu zituzten, Xabi Zabala musikari zarauztarrak proposatuta. Behin, Donostiako Musika Eskolaren atarian, topo egin nuen Zabalarekin eta Golden Apple Quarteteko Loyola Garmendiarekin, eta proiektua azaldu zidaten. Horren berri jakindakoan, Sincro produkzio etxeko David Berraondori deitu nion, eta dokumental bat egiteko aukera zegoela azaldu nion; nire ezusterako, Berraondo Los Xeyko Txiki Lahuertaren iloba da. Era berean, Goldenekoek ikuskizunaren zuzendaritza eskaini zidaten. Bi urte baino gehiago dira proiektu honekin hasi ginela, eta dokumentazio lan handia egin dugu".

Euskal Herriko hainbat tokitan, Madrilen, Bartzelonan, Argentinan, Kuban, Mexikon ibili dira filmatzen, eta orain dokumentala editatzen ari dira. Elkarrizketa ugari egin dituzte, eta tartean, Larrañagaren alabetako batekin hitz egin dute, Olasagastiren esanetan: "Izugarrizko historia izan zuen Los Xey taldeak, Amerika osoan ibili ziren". Dokumentalaren bi bertsio egingo dituztela azaldu du zuzendariak: "Bertsio luze bat egingo dugu zinemarako, eta laburragoa, telebistarako. Izan ere, ekoizpenaren partaide dira Euskal Telebista eta Espainiako Telebista".

Taldearen argazki zahar bat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide