Lasterketaren festa giroa berreskuratzeko gogoz dator XXIX. Azkoitia-Azpeitia

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 4a, 10:03

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileak, babesleak eta bi herrietako udal ordezkariak atzoko agerraldian. (Maialen Etxaniz)

Urtarril amaieratik zabalik dago maratoi erdian zein lasterketa motzean izena emateko epea, eta antolatzaileek gomendatu dute izen-ematea lehenbailehen egiteko. Dagoeneko 500 lagunek eman dute izena maratoi erdian. Azken urteetako zailtasunak zailtasun, proba antolatzen jarraitzeko ilusioz agertu dira sustatzaileak, eta babesleen eta erakundeen babesa azpimarratu dute. Bi aste barru egingo dute maratoi erdiaren aurkezpen ofiziala.   

Martxoaren 26an izango da Diego Garciaren Oroimenezko XXIX. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, eta antolatzaileek kartela labetik atera berri dute. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten probaren antolatzaileek eta babesleek aurtengo edizioaren kartela Loiola hotelean egindako agerraldian. Bi urteko etenaren ostean, Azkoiti-Azpeitiko errepideak lasterketarako pista bihurtzeko gogoz daude maratoi erdiaren antolatzaileak, eta aurten lasterketak berarekin dakarren "festa giroa berreskuratu" nahi dute. Aupa! lelopean egingo dute XXIX. Azkoitia-Azpeitia; hain zuzen, iazko lelo bera aukeratu dute edizio berrirako, joan zen urteko mezu bera ematea nahi baitute. "Igarotako une gogorren ostean, jendeari aurrera jarraitzeko eta animoak altxatzeko bultzada ematea da nahi duguna", azaldu du maratoi erdiaren antoltzaile Agustin Jimenezek.

Urtarrilla amaieratik zabalik dago maratoi erdian zein lasterketa motzean izena emateko epea, eta antolatzaileek gomendatu dute izen-ematea lehenbailehen egiteko eta azken unera arte ez uzteko. Jimenezek emandako datuen arabera, maratoi erdirako dagoeneko 500 lagunek eman dute izena. Hasiera batean, 600 parte-hartzailetan jarri zuten muga, baina harrera ikusita, kopurua altxatzea erabaki dute. Guztira, beraz, 900 dortsal jarri dituzte eskuragarri. Lasterketa motzerako ez dute dortsal gehiago eskatuko, eta hasieran jarritako muga mantenduko dute. Beraz, 350 korrikalarik eman ahal izango dute izena proba laburrean. Oraingoz, 100 lagun inguruk eman dute izena lasterketa motzerako.

Osasun egoerak onera egin duen arren, "arduraz jokatu" behar dutela adierazi du Jimenezek eta ez dutela “masifikazio handirik nahi”. Espero dugu pandemiak arnasa hartzen uztea", adierazi du.

Oraingoz, ez dituzte aurreratu proban parte hartuko duten eliteko atleten izenak, ezta maratoi erdiaren eguneko xehetasun gehiago ere. Datozen egunetan antolakuntzari dagozkion azken kontuak ixtea dute helburu antolatzaileek, eta bi aste barru egingo dute maratoi erdiaren aurkezpen ofiziala.  

Babesleen garrantzia

Azkoitia-Azpeitiako antolatzaileek probaren babesleen garrantzia azpimarratu dute behin eta berriz, eta aurten ere  horrela egin dute. Babesleei eta Azpeitiko nahiz Azkoitiko udalei eskerrak eman dizkie Jimenezek: "Horrelako lasterketa bat bizirik mantentzeak zailtasun handiak ditu eta ezinbestekoa da erakundeen eta babesleen laguntza; izan ere, gurea ez da lasterketa komertzial bat. Gainera, maila honetako beste lasterketa guztiak profesionalak dira; gu boluntarioak gara, eta erakundeei eta babesleei esker lortzen dugu mailari eustea".

Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburu Egoitz Arrutik nahiz Azkoitiko Udaleko kirol zinegotzi Angel Martinek probaren antolatzaileen lana goraipatu dute, eta egiten dutenaren balio azpimarratu. Era berean, maratoi erdiaren eguna ondo joatea espero dutela nabarmendu dute bi erakundeetako kideek, eta herritarrei probara animatzeko dei egin diete. Babesleak –DV eta Laboral Kutxa– ere ildo beretik mintzatu dira.

Urtero bezala, lasterketa atletismoko erakunde ofizialen egutegian sartuta dagoela azaldu dute antolatzaileek, eta aurten, gainera, World Athletics erakundearen Label Road Races zigilua izango du maratoi erdiak; adierazi dutenez, Euskal Herrian zigilu hori duen proba bakarra da.

Bestalde, probaren bitartez Alejandro Gomez korrikalaria omendu nahi dute, joan zen urtarrilaren 31n hil baitzen. Honako lotura honetan irakur daiteke Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko antolatzaileek haren omenez idatzitako gutuna, eta beste honetan, Diego Garciari, Ione Basterrari eta Alejandro Gomezi joan zen apirilean egindako omenaldia.

Koronabirusak eragindako pandemia tarteko, joan zen martxoan egitekoak ziren XXVIII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia birtualki egin behar izan zutenImanol Inza eta Nerea Azpiazu izan ziren proba horretako garaileak. 2020koa, berriz, bertan behera gelditu zen, osasun krisia aktibatu zutenean baitzegoen aurreikusita proba egitea.