Egunerokotasuneko emozioak, hamar pertsonaiaren eskutik

Anartz Izagirre 2022ko mar. 3a, 16:06

Sonia Vazquez udaleko Kultur zinegotzia eta Asier Hernandez aktorea, obraren kartelarekin. (Anartz Izagirre)

Tanttaka Teatroa antzerki konpainiak Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlana taularatuko du etzi, larunbata, Baztartxo antzokian, eta gaur obraren gaineko xehetasunen berri eman du Asier Hernandez aktoreak, udaletxean. Hamar aktorek parte hartzen dute antzezlanean, eta horietako bat da Hernandez.

Ivor Martinic kroaziarrak 2011n estreinatutako obra baten euskarazko egokitzapena da Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlana, eta etzi, larunbata, Azkoitiko Batzartxo antzokian izango dira lan horretako kide diren Tanttaka Teatroa konpainiako hamar aktoreak, oholtza gainean. Gaur, osteguna, obraren xehetasunen berri eman du Asier Hernandez aktoreak udaletxean, Sonia Vazquez udaleko Kultur zinegotziarekin batera. Hernandezek jakinarazi duenez, "egunerokotasunaren emozioen inguruko lana" da etzi egingo dutena, eta "oso harrera ona" ari da izaten jendartean.

Zagreben estreinatu zuen Martinicek obra originala, eta Fernando Bernues zuzendariak Buenos Airesen izan zuen haren berri. Hernandezen arabera, orduan sortu zitzaion Bernuesi antzezlanaren egokitzapena egiteko ideia. Muxua antzezlana egiten ari ziren orduan Argentinan eta Uruguain, eta Martinicen obra ikustean Bernues "liluratuta eta hunkituta" atera zen antzokitik, Hernandezen arabera. Joan zen abenduan estreinatu zuen Euskal Herrian Semea pixka bat motelago dabil soilik, Bilboko Arriaga antzokian. Aizpea Goenagak euskaratu du obra.

Ordutik, hainbat txokotan taularatu dute antzezlana, euskaraz zein gazteleraz, eta hamar aktorek parte hartzen dute bertan: Miren Arrieta, Ane Gabarain/Klara Badiola, Mireia Gabilondo, Asier Hernandez, Ander Iruretagoiena, Xabi "Jabato" Lopez, Maria Redondo, Martxelo Rubio, Jose Ramon Soroiz eta Dorleta Urretabizkaia. Antzezlanaren protagonista "familia" dela dio Hernandezek: "Horregatik gara hamar aktore. Pertsonaia zentrala Mia da, eta Miak zaintzen ditu bere ama eta aita, eta batez ere, Branko bere semea. Istorioa Brankok 25 urte betetzen dituen egunean hasten da, gaixotasun bat dela eta gurpildun aulki batean baitago, eta egun horretan biltzen diren senitarteko eta lagunen artean sortzen diren emozioak kontatzen dira antzezlanean".

Chejov maisuaren itzala

"Oso testu ederra da, sotiltasunez eta emozioz betea, eta umore pintzeladak ere baditu", nabarmendu du aktoreak. Gainera, Anton Chejov antzerkigile errusiarraren "puntua" daukala ere jakinarazi du: "Testua irakurri nuenean, esan nuen: 'Chejov bizirik egon balitz horrela idatziko zukeen'". Eta, ondoren, Martinicek berak baieztatu zuen hori.

Antzezlana ikustea nahi duenak dagoeneko eros ditzake txartelak, zortzi euroren truke, honako lotura honetan. 19:00etan izango da emanaldia, Baztartxo antzokian. Herritarrak antzezlana ikustera animatu ditu Hernandezek: "Sentitzen dugu ikusleak asko hunkitzen direla, adin guztietako pertsonaiak daudenez, denek beren burua islatuta ikusten baitute obran".