Leaz Valorizacion SL enpresak Azkoitian duen zabortegiaz azalpenak eskatu ditu EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean

Nerea Uranga - Ane Olaizola 2022ko ots. 18a, 13:36

Azkoitiko EH Bilduk adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak enpresa horrek kudeatzen duen Azkoitiko hondakin ez arriskutsuen zabortegian egindako azken bi ikuskaritzetan akatsak atzeman ditu, eta horien inguruan galdetu eta txostenak eskatu dizkio Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarrean Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailburuari.

Asteazkenean, otsailaren 16an, Leaz Valorizacion SL enpresak egin asmo dituen obra baimen batzuen inguruko Ura agentziaren txostena jaso zuen Azkoitiko Udalak. Leaz enpresak Azkoitian Lapatzaren errekaren ibilgua desbideratzeko eta enpresaren zabortegia eta haren ezkerreko mendi hegala egonkortzeko azpiegiturak eraikitzeko eskatutako "premiazko baimena" azaltzen ditu txosten horrek, Azkoitiko EH Bilduk azaldu duenez.

Leaz Valorizacion SL enpresak Azkoitian kudeatzen duen zabortegiak (gaur egun itxita dago) GSB enpresaren hondakinak jaso zituen garai batean, baina Azkoitiko EH Bilduk hedabide honi azaldu dionez, oraindik lixibiatuak isurtzen ditu. Ura agentziaren txostena jasota, EH Bildukoak gaia ikertzen hasi dira, eta Leaz enpresaren zabortegiak aurreko bi urteetan Eusko Jaurlaritzaren bi ikuskaritza jaso zituela jakin dute. "Esanguratsua iruditu zitzaigun urtebeteko epean Jaurlaritzak bi ikuskaritza egin izana gune berean, hori ez baita ohikoa. Ikuskaritza horien emaitzak ez direla onak ikusi dugu, uraren babesean eta zabortegiaren baldintzetan akatsak azaltzen dira". Lehenengo ikuskaritza 2020ko azaroaren 10ean egin zuen erakundeak, eta han ebatzi zuen zabortegian ez zela bermatzen ingurumen-baimenaren baldintzak behar bezala betetzea; bigarren ikuskaritza, berriz, 2021eko irailaren 8an egin zuen Jaurlaritzak, eta han, berriz, ebatzi zuen ingurumen-baimenaren baldintzak bermatzen zirela; haren arabera, ordea, "erdizkakoa" zen betetze maila hori.

Horrez gainera, Espainiako Ministerioko datuak kontuan hartuta, 2018tik 2020ra bitartean enpresa horrek uretara isuritako berun kantitatea 40 aldiz handiagoa izan zela zehaztu du Azkoitiko EH Bilduk. Izan ere, Espainiako Ministerioaren datuen arabera, 2018an 0,050 kilo urteko berun isuri zituen enpresak, eta 2020an, 2,070 kilo urteko.

Leaz enpresaren zabortegiko ikuskaritzetako datuekin kezkatuta, Eusko Legebiltzarrean azalpenak eskatu dituzte koalizioko kideek. Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailburu den Arantxa Tapiari honako informazioa eta txostenak eskatu dizkiote: "Eusko Jaurlaritzak Leaz enpresaren Azkoitiko zabortegian egindako 2020ko azaroaren 10eko eta 2021eko irailaren 8ko ikuskaritza txosten osoak, zabortegia kudeatzen duen enpresak premiazko obrak egiteko aurkeztutako txostenak eta dokumentazioa eta Ura agentziak gaiaren inguruan egindako txosten, azterketa eta balorazioak". Azkoitiko EH Bilduk aurreikusi du hilabeteko epean jasoko dutela eskatutako dokumentazioa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide